benat erezuma
Funtzio sigmoidea

Spiderman gogoan

2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunotan irakurri ditugun bi albiste ekarri nahi ditut zutabera. Bi kasuek teknologia bera dute oinarrian, baina ondorio desberdinak erakusten dizkigute, baita irakaspenen bat ere. Hori bai, berriok aipatu aurretik, AA agenteak zer diren birgogoratuko dugu. Orain arte ezagunak ditugu ChatGPT bezalako txatbotak, ezta? Oro har, txatbotek erabiltzaileen galderei erantzuten diete. Baina gaur egun, AAren unibertsoan modan ditugunak agenteak dira. Eta zer egiten dute AA agenteek? Bada, erabiltzailearen aldetik helburua jaso, egoera aztertu, urratsak erabaki eta ekintzak exekutatu ditzakete modu autonomoan. Orain bai, aipatu dezagun lehen notizia.

Mercadona enpresa erraldoiak bere Interneteko dendako sistema berreraiki du AA agenteak erabilita. Funtsean, bere bilatzailea hobetzea ekarri du berrikuntzak. Proiektuaren oinarria hiru egunetan osatu omen dute enpresa bereko programatzaileek; handik aurrera, hilabete inguruko lana behar izan dute produkziorako prest uzteko. Hedabideek jaso dutenez, bilatzailearen kalitatea %85 hobetu dute, eta hilean 14.000 euro inguru aurreztuko dituzte aldaketa dela eta. Hau da, enpresako programatzaile profesionalek AA agenteak erabili dituzte proiektua garatzeko, baina momentu oro, erabaki garrantzitsuenak programatzaileen esku mantendu dituzte.

Bigarren albisteak, ordea, txanponaren beste aldea erakusten digu. PocketOS plataformak autoak alokatzeko enpresa askori ematen die zerbitzua. Baina duela egun gutxi, eta bat-batean, haren bezeroak datu-baserik gabe lotu dira. Horrek esan nahi du enpresa horiek aldi baterako galdu dutela beren bezeroen informazio oro, erreserbetarako eta eguneroko jardunerako funtsezko informaziorako sarbidea. Hainbat hedabidek azaldu dutenez, arazoa AA agente batek sortu du, produkzioko datu-basea eta segurtasun-kopia guztiak segundo gutxiren buruan ezabatu ondoren. Sekulako anabasa eragin die horrek. Arazoa izan da AA agentearen esku utzi dituztela hainbat erabaki, eta botere hori erabili du agenteak okerreko erabakiak hartzeko.

Honek guztiak gogora ekarri digu esamolde bat. Askok uste dute Supermanen edo Spidermanen komikietan duela jatorria, baina askoz zaharragoa da, gutxienez K.a. I. mendekoa, eta Damoklesen ezpatari egiten dio erreferentzia: «Botere handi batek erantzukizun handia dakar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA