benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Sukaldari algoritmikoak

2025eko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esaerak dioen bezala, jaten duguna bagara, gure burmuinak zer ari dira irensten? Azken urteotan gure gizartean gertatu den aldaketa nagusietariko bat sare sozialak kontsumitzen hastea izan da. Horrek eragin al du aldaketarik albisteak kontsumitzeko eran? Sarri, gazteek erakusten digute etorkizuneko joerak zein izango diren. Hori dela eta, azken Ikusiker txosteneko datu batzuk aipatuko ditugu. Hego Euskal Herriko gazteek plataforma horiek erabiltzen dituzte gehien berriak jasotzeko: %51,8k sare sozialak, %25,3k telebista, %8,8k Interneta, %6,7k ez du albisteen berri izaten, %3,2k egunkariak (online zein paperezkoak) eta %2,3k irratia. Aurreikusten genuen bezala, sare sozialak dira albiste iturri nagusia gazteen artean.

Gazte horiei galdetu zaie ea zein duten sare sozialik erabiliena informatzeko. Instagram da lehena, %34,3k erabiltzen baitu Zuckerbergen plataforma horretarako. Bigarren postuan da Elon Musken X plataforma, gazteen %29,4k erabiltzen baitu notiziak jasotzeko. Eta sare sozial erraldoien algoritmoak politikoki neutralak al dira?

Ikus dezagun adibide bat. Aste honetan bertan, Sustatu.eus-en bidez izan dugu ikerketa baten berri. Sky News telebista britaniarrak esperimentu bat abiatu zuen maiatzean. X plataforma erabili zuten horretarako. Bertan, bederatzi erabiltzaile berri sortu zituzten. Erabiltzaile bakoitzak joera jakin bat duen pertsona britainiar bat imitatu behar zuen: hiru ezkertiar, hiru eskuindar eta beste hiru politikarekiko interesik ez zutenak. Bi astean zehar, erabiltzaile horiei plataformak hainbat mezu iradoki zizkien, guztira 22.000 erabiltzaileren 90.000 mezu. Eta aztertu zutena izan zen erabiltzaile horiei proposatu zitzaizkien politikaren inguruko mezuen joera ideologikoa. Ikus ditzagun emaitzak. Esperimentuko erabiltzaile ezkertiarrei algoritmoak ezkertiar eta eskuindar eduki kopuru ia bera erakutsi zien, ezkertiar kontuak bakarrik jarraitu arren. Eskuindar erabiltzaileei erakutsitako edukiaren %14k baino ez zuen ezkertiar ikuspegia. Politikarekiko interesik ez zuten erabiltzaileek eduki eskuindar bikoitza jaso zuten, ezkertiar mezuekin alderatuz.

Adibide soil bat baino ez da. Baina jaten duguna bagara, osasuntsua al da gosalduko ditugun berriak sukaldari algoritmikoen esku uztea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.