EITBren Formatu txikiak, talentu berriak egitasmoaren proiektu berria jaio da: Tamara ta Mara telesaila.
Bi aktore gazte dira Tamara (Ainhoa Etxebarria) eta Mara (Ainhoa Artetxe), eta casting areto batean topo egingo dute. Biak daude krisi pertsonal sakon batean murgilduta, eta ezinbestekoa dute aukeratuak eurak izatea. Makusi plataformako izarra da Tamara, eta mundua jan beharrean dabil Mara, baina, kanpora begirako irudi hori gorabehera, ziurtasun gutxi du barruan.
Begira Produkzioak ekoiztetxearen lan bat da eta, Etxebarria eta Artetxerekin batera, Maria Urzelai, Miren Gaztañaga eta Koldo Olabarri aktoreak dira protagonistak.
Premisa horretatik abiatuta, telesailak amodioa eta gorrotoa nahasten ditu, eguneroko lehia txikien estetikan barrena, umorez eta ironiaz jantzita. Fikzioak eta metafikzioak elkar ukitzen dute etengabe, bata bestearen ispilu bihurtuta, eta horrek atea zabaltzen die jokoari, erreferentziei, cameo-ei eta ikuslearen konplizitateari.
Telesailak izaera propio eta bereizgarria du; argi sumatzen da atzean talde baten arnasa kolektiboa dagoela. Sorkuntza prozesu horren arrastoa pantailan geratzen da, eta hori bera da, agian, indargune esanguratsuenetako bat.
Formalki, kamera modu organikoan mugitzen da pertsonaien artean, musikak presentzia handia du, eta mozketa azkarrak nagusi dira; telesailak erritmo bizia du eta ia ez du atsedenik ematen.
Hizkuntzak ere badu bere lekua istorioan. Entzuten den euskara kolore askotakoa da, euskara batuarekin batera euskalkiak entzuten baitira, eta tarteka katalana ere bai.
Hala ere, egitasmo honen barruan sortu den Piztiak-en modura, laburregia da, zoritxarrez. Horrek eragina du pertsonaien arkuetan, elkarrizketen sakontasunean, zenbait ekintzaren sinesgarritasunean eta, noizbehinka, tonuaren koherentzian edo transmititu nahi diren mezuetan bertan. Tonua arina izan arren, gizakiaren miseria txikiez ere hitz egiten duen telesaila baita (sare sozialak, mugikorrak, kantzelazioa... zeharka bada ere aipatzen dira), baina lau ataletan egoera gehiegi pilatu nahi izateak ez dio mesederik egiten, eta hainbat egoera eta mezu oso azaleko geratzen dira.
Proposamen ikuserraza eta arina da. Pozgarria da formatu eta genero desberdinetako euskarazko telesailen uzta txiki baina aberats honen sorrera.