urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Zer da «esklusiban euskaraz»?

2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

Lehenik eta behin, Estibaliz Urresola zoriondu behar da, eta 20.000 especies de abejas egin zuen lantalde osoa. Baina ez bakarrik sariengatik, baizik eta historiarako geldituko den film zoragarri bat egiteagatik. Haur transexual baten istorioa kontatzen du fikziozko lan horrek, eta istorio osoa trebeziaz harilkatuta dago. Filma sotila da bere osotasunean, eta benetan samurra bere ñabardura guztietan. Gozamena da halako pelikula on bat ikustea, eta zinema areto batean ikusten bada, are gehiago.

Behin hori nabarmenduta, euskaldun askorentzat deigarria gerta daiteke Euskal Telebistak eta Primeran plataformak egin duten sustapena. Otsailaren 1ean, EITB taldeak albiste bat zabaldu zuen eremu digitaletan –webgunean lehen albistea zen tarte batez–, eta iragarri 20.000 especies de abejas filma Primeran plataformara iritsiko zela hilaren 5ean. Eta albiste horretan, EITBk esaten zuen filma «euskaraz esklusiban» estreinatuko zutela. Zer ulertu behar dute Euskal Herriko herritarrek «euskaraz esklusiban» irakurrita? Edo entzunda? Izan ere, ETBren telebista konbentzionaleko emankizunetan ere iragarri zuten hori.

20.000 especies de abejas filmaren trailerra.

Estibaliz Urresolaren pelikula eder horretan, elkarrizketen %25 inguru baino ez dira euskaraz. Hitz gehienak gaztelaniaz dira, eta frantsesa ere entzuten da. Zuzendariak hala egin zuen filma. Hala da bertsio originala, eta hala ikus daiteke Primeran-en. Ondo. Baina EITBk adierazi zuen modu nabarmenean «euskaraz esklusiban» emango zuela plataformak filma, eta euskaldun askok pentsatuko zuten osorik euskarazko audioarekin ikusiko zela. Hau da, gaztelaniazko eta frantsesezko elkarrizketak euskarara bikoiztuta. Egia da Primeran-en euskarazko azpidatziak jarri dizkiotela, eta akaso hori izango da «euskaraz esklusiban» talde publikoarentzat. Zalantzagarria izan daiteke hori, edonola ere, eta kontzeptuak bide eman diezaioke eztabaidari. Zer da film bat euskaraz ematea?

Ez da oso atzera joan behar: ETB1ek Zinea zetaz saioa estreinatu zuen 2023ko irailaren 14an. Euskal zinemari eskainitako programa bat euskarazko katean, eta lehen filma gaztelaniazko audioarekin eta euskarazko azpidatziekin eman zuten. Hainbat euskaldunen haserrea piztu zuen horrek sare sozialetan. Erase una vez en Euskadi... zuen izena filmak, baina bazen behin euskarazko zinemaren historia petral bat Euskal Telebistan; ETB1ek eman zuen azkeneko filma duela bi hilabete eta hiru egun izan zen. Tarte horretan, baina, ETBk 90 film baino gehiago eman ditu espainolez. 

Eta, beste alde batetik, EITBk iragarri zuen 20.000 especies de abejas «esklusiban» emango zuela Primeran-en. Ez da ulergarria iragarpen hori egitea, aintzat hartuta Movistar Plus plataforman ikus zitekeela lehenagotik, gainkosturik gabe. Hau da, filmaren bertsio originala Movistar Plus-eko harpidedunek ikus zezaketen eta ikus dezakete. Beste plataforma batzuetan, berriz, filma erosi edo alokatu egin daiteke. 

Bikoizketak

Espainiako TVE talde publikoak osorik gaztelaniaz emango du filma, estreinatzen duenean. Hau da, euskarazko elkarrizketak gaztelaniara bikoiztu dituzte TVEren bertsiorako. 

Halako erabaki guztietan, zinemagileak ez du zerikusirik izaten. Ekoizle, banatzaile eta telebisten kontua da. Hortaz, Urresola zinemagilea zoriondu egin behar da filmagatik, eta besterik ez. Beste eragile batzuek eman beharko lituzkete azalpenak. Baina iazko aurrekaria gogoratzekoa da: EITBk ez zuen jakinarazi ETB1eko Zinea zetaz saioaren lehen atalean filma gaztelaniaz emitituko zuela.

'Toure detektibea' telesaila.
Touré detektibea telesaila.

Jatorrizko bertsioak eta bikoizketak behin aipatuta, Touré detektibea telesailarekin gertatutakoa ekar daiteke lerro hauetara. Telesaila Jon Arretxeren euskarazko eleberrietan oinarrituta dago. Gaztelaniaz grabatu zuten osorik, Bizkaian. Eta euskarara bikoiztuta estreinatu du Primeran plataformak; laster TVEk estreinatuko du bertsio originala, gaztelaniaz. Kontua da hainbat aktore euskaldun ageri direla telesailean, baina euskarazko bertsioan ez dela haien ahotsa entzuten, bikoiztaile batzuena baizik. Belarrian traba egiten du Itziar Ituño euskaraz baina beste ahots batekin entzuteak. Telesailaren bikoizketaren kalitateak ere eman dezake eztabaidarako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.