benat erezuma
Funtzio sigmoidea

Zure eskubideak jokoan

2026ko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ofelia Tejerina ez da edonor. Informatika Zuzenbidean aditua da, Konstituzio Zuzenbidean doktorea, eta Espainiako Internauten Elkarteko presidentea ere bada. Bere ibilbidea ikusita, merezi du entzutea. Duela gutxi, podcast batean luze hitz egin du, eta han entzundakoa dakargu zutabera, esparru digitala ulertzeko ideia gako batzuk eskaintzen baitizkigu. Argi dauka zein den gaur egun arriskuan dagoen eskubiderik garrantzitsuena: informazio askatasuna. Ez soilik informazioa jasotzeko edo zabaltzeko eskubidea, baizik eta norberak erabakitzekoa zer partekatu eta zer gorde. Bere hitzetan, norberaren bizitza digitalaren gaineko kontrolik gabe ez dago duintasunik.

Baina Tejerinaren ustez, gure bizitza digitalaren kontrol hori gero eta ahulagoa da. Zergatik? Monitorizazioa etengabea delako. Gure jarduera digitala modu sistematikoan jasotzen da, eta datu horiek adimen artifizialaren bidez aztertzen dira, profil ideologikoak sortuz. Ez gaude ideia zoro batez hitz egiten. Mundu osoko gobernuek, enpresek, baina baita norbanakoek ere, sailkapenak, etiketak eta aurreikuspenak egiten dituzte gure portaeraren inguruan. Horrek ondorio zuzena du: autozentsura. Behatuak izaten ari garela dakigunean, gure diskurtsoa moldatzen dugu. Ez dugu gauza bera esaten, ez dugu berdin jokatzen. Horrela, ideien esplorazioa murrizten da eta norbanakoen artean huts egiteko beldurra handitu. Astiro-astiro, askatasuna murrizten hasten da.

Baina hau guztia ez da berria. Victor Santana psikologoak berriki gogorarazi digu Demolition Man filmeko gizartea: itxuraz baketsua eta plurala, baina benetan guztiz kontrolatua. Neohizkuntza, moralaren zaintza, eta herritarren infantilizazioa dira oinarriak. Sistemak askatasunaren ilusioa mantentzen du bertan, baina bitartean, portaerak gidatu eta mugatu egiten ditu. Historian zehar, handi-mandi eta salbatzaile askoren ametsa izan da esan edo pentsatu daitekeena eta ezin daitekeena kontrolatzea. Eta adimen artifizialak amets hori egia bihurtzen lagundu dezake. Teknologia esparru horrek mugarik ez badu, tresna bikaina bihur daiteke gure norbanako eskubideak ahultzeko. Konturatu barik, kontrol sozialeko sistema batean bizitzen has gaitezke. Edo bizitzen hasiak gara jada?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA