Zabalik da atzotik Durangoko Azoka. Euskal kulturaren plazarik handiena. Garrantzitsuena ere bai. Euskal idazle eta irakurleen topagunea. Musikazaleen gozamenerako lekua. Ezinbesteko hitzordua jende asko eta askorentzat. Honezkero, Landako Guneko pasilloak borborka egongo dira, Euskal Herriko txoko guztietatik joandako lagun, kuadrilla eta familiaz beteta. Urteroko katarsi kolektiborako gogotsu. Gure Mekarako erromesaldi partikularra. Moroak gara behelaino artean.
Lau egunez, komunikabideek euskal kultura erdigunera ekarriko dute. Behingoagatik, egunkari erdaldunen azaletan ere emango dute haren berri. Euskaldunon mendeku txikia. Azokak ateak zabaldu aurretik bagenekien aurten nobedadeak sekula baino gehiago direla, eta inoiz baino ekitaldi gehiago izango dituela. Eta azokak ateak ixterako, ziurrenik bisitari kopurua inoizko handiena izango da berriro. Eta litekeena da argitaletxe eta ekoiztetxeetako arduradunak poz-pozik azaltzea albistegian, salmenta datu bikainak direla-eta. Agian Gerediaga elkarteko lehendakari berriak euskal kultura osasuntsu, indar betean, bere historiako unerik goxoenean dagoela berretsiko digu beste behin. Eta guk, festa giroak mozkortuta-edo, lau egunez ahaztu egingo dugu kanpoan negu gorria dela eta azken urteotako irakurle galera eta salmenten beheranzko joera nola gelditu asmatu ezinik gabiltzala. Aurten ere, urtero bezala, Durangoko Azoka kolosala izango da.
Euskal liburugintzan, ordea, badira beste eredu batzuk Landakotik kanpo. Irakurle eta erosleen arreta, konfiantza eta fideltasuna bereganatzeko estrategia zeharo ezberdina erabiltzen dutenak. Susaeta argitaletxea dugu horren erakuslerik onena. Raimundo Susaeta arabarrak sortu zuen 1963an, eta haren familiak kudeatzen du gaur egun ere Madrilgo egoitza nagusitik. 1980. urtean euskal kulturaren aldeko apustua egin zuten, orduan hasi baitziren haur eta gaztetxoentzako liburuak euskaraz kaleratzen, alor horretan dena egiteke zegoen garai batean. Harrezkero, Susaetak milaka liburuko ibilbide emankorra egin du eta bere prestigioa nabarmen handitzen joan da, merkatu-kuotarekin batera.
Ez dute stand propiorik Durangoko Azokan, eta ez dute urte osoan zehar Euskal Herrian barrena egiten diren jaialdi eta ekitaldietan parte hartzen. Sekula ez dute Editoreen Elkartearen babesa bilatu, ezta euskal argitaletxe tradizionalen oinarri eta salbazio diren dirulaguntzak eskatu ere. Ez dituzte beren nobedadeak jendaurrean aurkezten eta ez dute inolako oihartzunik euskal komunikabideetan. Horren guztiaren beharrik ez dute. Zalapartatik urrun, isileko estrategia da beraiena. Sinplea bezain eraginkorra. Sektoreko gainerako eragileei oharkabean igarotzeko modukoa; erosleei eta irakurleei ez, ordea. Beraienak dira dagoeneko hiru belaunaldik txikitan gozatzeko aukera izan ditugun milaka liburu, gure lurraldeko saltokigune eta liburu-denda guztietan aurki ditzakegunak. Berrehun bat nobedade urtean, 1.500 ale inguruko tiradak.
Beste argitaletxeetan haurrentzako eskaintza ipuinetara mugatzen den bitartean, Susaetak jaiotzetik 14 urtera bitarteko katalogo erraldoia du: liburu soinudunak, oihalezko liburu bigunak, uretan murgiltzekoak, liburu interaktiboak, didaktikoak, testura ezberdinetakoak, margotzekoak, pop up liburuak, era guztietako jarduerak egitekoak, puzzleak, galde-erantzunetako jokoak, jostailu-liburuak, leihotxoak edo eranskailuak dituztenak... Kolore bizietakoak beti, azal gogorretakoak gehienetan, tamaina eta forma ugarikoak. Hain zuzen, irakurle txikiek eta haien gurasoek hainbeste maite dituzten eta, auskalo zergatik, beste ezein zigiluk euskaraz argitara ematen ez dituen liburu tipologia zabal hori da bere ezaugarri bereizlea.
Formula magikorik ez, soberako erromantizismorik ez. Sekretu bakarra beraien produktuen edukia, kalitatea eta itxura erakargarria dira. Euskal liburugintza dirulaguntzen mendekotasunetik askatzeko eta behingoz errentagarri izateko modua topatzen dugun arte, egon gaitezen adi, errepide nagusitik aldenduta, behin batean berezko bidea egiteko ausardia bildu eta arrakasta izan dutenei. Susaeta argitaletxea anomalia polit bat da gure sistema txiki, xume, hauskor eta arras desorekatuan. Halako gehiago nahi nituzke... Durangoko Azokan ere bai.