Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Antena setatiak

2025eko azaroaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 25ean aurkeztu zuten Gasteizko Hala Bedi irratiko 2025-2026ko denboraldiko programazioa; beti bezala, lagunen artean eta ospakizun giroan. Maiztasun modulatuko emanaldien etenak ekarri zituen arazo teknikoek markaturiko urte baten ondoren, berriz sinkronizatzera deitu dituzte entzuleak, antenarekin zituzten arazoak konpondu eta gero. Albiste ona, dudarik gabe, baita proiektuaren beraren jarraipena ere, lau hamarkadatan Arabako komunikazio esparruan ahots kritikoa sustatzen. 

Bertan egingo dituzten 27 irratsaioei Arrosa sarekoak gehituko zaizkio, horien artean Zebrabidea, berrituta itzuli dena arratsaldeko tartea betetzera. Sorreratik, euskal irratien sarearen helburuetako bat izan da elkarlanean egindako saioak aurrera eramatea, bakoitzaren baliabideak optimizatuz kalitate handiko produktu bat eskaintzeko asmoz, Euskal Herriko doinuera aniztasuna entzunaraziz, eta tokian tokikoa partekatuz ikuspegi osoa eskaintzeko. Irratietako ahotsak ez ezik, agerkariek eta egunkariek ere badute tartea magazinean. Guztion artean kolaboratzaile sare zabala osatzen dute.

Kultur proposamen erakargarria eskaintzen du Malen Frantsesenak eta  Arantxa Idiederrek gidatzen duten irratsaioak, literaturari, bertsolaritzari eta hizkuntzari buruzko atal bereziak ere sartzen dituena. Nik, dena den, aipamen berezia egin nahi dut tertulien inguruan —kirolari, literaturari edo aktualitateko gaiei buruzko solasaldiak—. Gainerako komunikabideetan ohikoa denaren aurka, hau da, denaz dakiten pertsonek denaz hitz egin ordez, arloan arloko kazetariak mintzo dira ondo ezagutzen duten horretaz. 

Urriaren 7ko Gure Tertulian, esaterako, irratia izan zuten hizpide mikroan eskarmentu handia duten bi hizlarik, Aitziber Zapiainek eta Ion Telleriak hain zuzen, Gure Irratiak egoera ekonomiko larriari aurre egiteko egindako deialdiaren harira. Ezin adosago nago haiek esandakoarekin, baina bereziki mahai gainean jarri zuten errealitate gordinarekin: hirugarren sektoreko irratien finantzaketa arazoen eta erakundeek ematen ez dieten dirua herritarrei eskatu beharraren atzean ez dago kalitate edo entzule falta. Hori dela eta, irratsaio berrien proposamenak jasotzeko bideak ireki ez ezik, bazkideen edo irrati lagunen sarea handitzeko kanpainak martxan dituzte irrati setatiek. Ez dezagun utz itzaltzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.