Thriller kutsuko familia komedia garratz baten gisan aurkeztu du EITBk. Telesailaren umorea «patetikoa» da, Alberto Gastesi Argi gorriak-en sortzaile eta zuzendariaren arabera. Alejandra Arrospide eta Alex Merino dira beste bi sortzaileak. Vidania Films-eko ekoizleak ere badira hirurak, eta haien lehen telesaila da Argi gorriak. Primeran plataformak gaur estreinatu ditu lehen bi atalak, eta datozen hiru asteetan ostiralero bina atal sareratuko dituzte. Ordu erdiko zortzi atalez baitago istorioa osatuta.
Gastesik iragarri duenez, «familia desegituratu bat, bikoizketaren mundua eta txinatar komunitatea» uztartu dituzte «euskal komedia partikular batean». Fikzioaren istorioak honako abiapuntu hau du: Aitak abandonatzea baino gauza okerragorik badago: hura bost urte geroago itzultzea, hitz egitea eta ia mugitzea eragozten dion iktus batek jota. Egoera, berez arrotza, are kezkagarriagoa bihurtzen da bere itzulera txerri gazi-gozo plater batean ezkutatutako heriotza mehatxu bat agertzearekin batera gertatzen denean. Itziar Ituño aktoreak jokatzen du Elena Mugika bikoiztailearen rol protagonista, eta, haren arabera, «komedia oso berezia da, eta kutsu ingelesa du».
Komedia bainoago, drama egin izan du telesailetan eta filmetan Ituñok. «Sekulako oparia izan da pertsonaia hau egitea», esan du, pozez. Vidana Films-en sortzaileek Basauriko (Bizkaia) aktorearengan pentsatuta idatzi zituzten gidoiak. Gastesik dio bazutela intuizioa Ituñok komedia «oso ondo» egingo zuela. «Eta esango nuke ez dugula sekula Ituñoren hain lan bikaina ikusi, jakinda ere zer aktore puska den. Ez dakit zer mekanismo ukitu dugun, baina hain ondo egin du bat pertsonaiarekin, ematen baitu Ituño Elena Mugika pertsonaia egiteko jaio dela».
Nerea Sanzek —AEBetan saritu dute Mari sorgin ehiztari telesailean egindako lanagatik— eta Anartz Puertasek bikoiztaile protagonistaren seme-alaben pertsonaiak jokatzen dituzte. Aktore taldean dira ere Iñigo Gastesi, Yangxi Chen, Iñigo Rodriguez, Klara Badiola, Xabier Perurena, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Guiomar Puerta, Aitor Beltran, Jon Lukas eta Jokin Gonzalez.
Alejandra Arrospide sortzaileak azaldu du cameo «politak» lortu dituztela; tartean, Eneko Sagardoi, Izaro Andres eta Eduardo Casanova. «Bigarren mailako pertsonaia guztiek ere beren izaera eta pisua dute».
«Energia eta giro ederra taldean»
Umorea eta intrigaren bitartez, telesailak hainbat gai jorratzen ditu: aukeratutako familia, identitatea, kultur talka, prekaritatea eta LGTBI komunitatearen ikusgaitasuna. «Komedia tresna oso ona da gai serioagoak lantzeko. Gauza batzuk hor esateko, primerakoa da», dio Arrospidek. Nabarmendu du hiru sortzaileek gogoko dituzten telesailetatik edan dutela. «Hainbat fikzio britaniar hartu ditugu erreferentziatzat», zehaztu du Gastesik. «Aurreiritziak haustera ere jokatzen du telesailak».
Filmaketak iazko udan egin zituzten: Donostian, Hernanin eta Irunen (Gipuzkoa), eta Galdakaon (Bizkaia). «Grabaketetan bero handia pasatu genuen; beldurgarria izan zen», gogoratu du Arrospidek. Hala ere, lantalde teknikoarekin «oso pozik» daudela aipatu dute sortzaileek. «Talde teknikoan denek zuten proiektua gustukoa, eta energia eta giro ederra sortu zen», azaldu du Gastesik. «Denek nahi dute beste denboraldi bat». Baina goiz da hori gertatu daitekeen ala ez jakiteko.

Iazko azaroan, Bartzelonako Serializados telesailen jaialdian lehiatu zen Argi gorriak. «Orduko hartan, ETBko arduradun batek esan zuen telesail honek bidaiatu egin beharko lukeela. Guk ere hori nahiko genuke, Euskal Herritik kanpo ere jendeak ikusi ahal izatea», dio Arrospidek.
Fikzioaren izenburuari dagokionez, Gastesik iragarri du argi gorri asko daudela. «Errepikatzen den motibo bat da argi gorriena». Tartean da, kasurako, bikoizketa gelan pizten den argi gorria. Gastesiren ama eta osaba bikoiztaileak dira, Merino sortzaileak ere bikoizketa lanak egin izan ditu. «Argi genuen bikoizketaren munduaren bueltan zerbait egin nahi genuela», aipatu du Arrospidek. Adimen artifizialak bikoizketa nola ordezka dezakeen ere ageri da atalen batean. Umorez, baina gaur egungo errealitateari izkin egin gabe.