A Film To Kill For ekoiztetxeko arduradun Rose of Dolls-ek eta Oliver Mend-ek sortu zuten iaz Mari sorgin ehiztari telesaila, eta EITBren Makusi plataformak maiatzaren 16an estreinatu zuen. Ondotik, Gau Beltzari lotutako atal berezi bat sareratu zuten azaroaren 1ean. Baina hori izan zen bederatzigarren eta azkeneko atala. EITBk erabaki du fikzio horrekin ez jarraitzea. Telesaila, hala ere, nazioartean bidea egiten ari da, eta hainbat sari ari da jasotzen. Floridako (AEB) Wolf Media Fest jaialdian, apirilean, lau sari jasoko ditu euskarazko telesailak: Nerea Sanz, Mikele Arizkorreta eta Asier Valdestilla aktoreek sari bana jasoko dute, eta Oliver Mendek eta Rose of Dollsek fantasiazko telesail laburrik onenaren saria bereganatuko dute. Sanz BERRIAren Mantangorri gehigarriko posterraren protagonista izan zen iazko maiatzaren 31n.

Ekainean Die Seriale jaialdia egingo dute Alemanian, eta han baditu izendapen batzuk Mari sorgin ehiztari-k. Rio Web Fest jaialdia azaroan egingo dute, eta hor ere badu izendapen bat euskarazko telesailak. Los Angelesko (AEB) Lawebfest jaialdian, halaber, Sail Ofizialean emateko aukeratu dute. Baita Cusco Web Fest jaialdian ere, Perun. Finalista da, gainera, Bollywood International Film Festival jaialdian eta New Yorkeko (AEB) Orios Film Awards sarietan.