ETB1eko Sautrela literatur saioak 2000. urtean hasi zuen bidea, Hasier Etxeberria gidari zela. Hamazazpi urte geroago amaitu zen hura, 2017an. Haren lekukoa hartu zuen Artefaktua literatur saioak, 2018an. Yolanda Mendiolak aurkeztu zuen lehen bost urteetan, eta Ilaski Serranok hartu zion gero lekukoa, seigarren denboraldian —geroztik, programako zuzendaria da Mendiola—. Bederatzigarren denboraldian da jada Artefaktua, eta bihar 300. atala emango dute Euskal Telebistaren lehen katean, 12:45ean.
Aipatzekoa da, halaber, Koldo Gutierrezek urteotan saioaren errealizazioan egindako lana. Mendiolak nabarmendu du harena dela saioaren «irudi zainduaren ardura». Programako erredakzioan parte hartu izan dute Maite Odriozolak, Rosa Zufiak eta Joseba Elorzak, besteak beste.
Saioko 300. atalean, Serranok Asier Larrinaga Larrazabal elkarrizketatuko du. Zenbait gako kazetarientzat zientziaren komunikazioaz (UEU) liburuaren aitzakian egingo dio elkarrizketa. Atal berean, Joserra Senperena musikariak bere apalategiko liburuak eta diskoak erakutsiko ditu. Irakurlearen txokoa-n, Zornotzako Barnetegiko (Bizkaia) Jon Cortesek egingo du gomendioa.
Mendiola eskertuta dago literatur saiora joan izan diren guztiekin. «Genero eta adin guztietako idazle eta sortzaileek hartu dute parte saioa osatzen duten atal guztietan. Euskal Herriko zenbait liburu denda eta liburutegi publiko zein pribatu ere erakutsi ditugu».
Literatur programaren bederatzigarren denboraldia, aldaketarik ezean, ekainaren 27an amaituko da. Eta irailean hasiko du hamargarren denboraldia.