Aktorea

Itziar Ituño: «Asko dago egiteko, baina bagoaz euskaraz lanak sortzen»

Serializados Fest jaialdian 'Argi gorriak' telesaila estreinatuko dute, azaroaren 7an, Bartzelonan. Ituño da fikziozko lan horretako protagonista. 'Inurri itsuak' filma ikusteko ere gogoz da aktorea.

Itziar Ituño, 'Inurri itsuak' filmaren grabaketan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Itziar Ituño, 'Inurri itsuak' filmaren grabaketan. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkeneko asteetan La deuda filmaren promozioan dabil hara eta hona Itziar Ituño (Basauri, Bizkaia, 1974). Egun gutxi barru Argentinara joatekoa da, Pensamiento lateral filma Mar de Platako jaialdian aurkeztuko baitute —rol protagonista jokatzen du Argentinako zinta horretan—.

Azaroaren 7an aurkeztuko dute Argi gorriak euskarazko telesaila. Zer generotan kokatu daiteke?

Komedia da, baina ez oso ohikoa. Umore oso berezia du, umore britainiarraren tankerakoa. Beti pentsatu izan dut umorea oso gauza pertsonala dela, eta herri bakoitzak bere ñabardurak dituela. Euskaldunek sortutako telesaila da, gidoiei buelta eman zioten, eta 30 minutuko zortzi atal grabatu genituen udan. Une batzuetan galdetzen duzu: «Zer da hau?». Denetarik du telesailak.

Zure pertsonaia bikoiztailea da. Sektore hori ezagutzen duzu.

Neure burua bikoiztea tokatu zait behin baino gehiagotan. Oso gaztea nintzela bikoizketan ere aritu nintzen. Ordutik dezente aldatu da bikoizketaren mundua. Dena den, telesailean pertsonaiaren lana baino ez da bikoizketa; beste gauza batzuk gertatuko zaizkio.

Trama korapilatuz joango da haren senar ohia agertzen denean, ezta?

Bai, urte askoren ostean azalduko da senar ohia. Kontua da bere garaian ez ziela denborarik eman dibortzio paperak egiteko eta, legez, ezkonduta daudela oraindik. Txanpiñoi bat balitz bezala agertuko da gizona, eta hori da istorioaren abiapuntua.

Itziar Ituno Argi gorriak telesailaren filmaketan
Itziar Ituño aktorea, 'Argi gorriak' telesailaren filmaketan. VIDANIA FILMS
Zer iruditu zaizu Alberto Gastesi zuzendariaren begirada?

Gastesi oso atsegina da, eta oso jakintsua. Beti errespetuz aritzen da; badaki zer nahi duen, baina, aldi berean, uzten dizu gauzak proposatzen. Lehen aldiz aritu naiz berarekin, eta oso gustura egin dut lan. Oso ondo pasatu nuen. Ederra da Donostialdean lan egitea, eta gainera euskaraz. Ea ikusleek ere ondo pasatzen duten.

Aurten Desagertuta eta Zeru ahoak telesailak estreinatu dira. Badirudi hasi direla euskarazko telesail gehiago iristen.

Bazen garaia, bai. Plataformen mundua irabazteko daukagu; bagoaz apurka-apurka hor sartzen gure hizkuntza txiki handi hau, baina lekutxoa egiten gabiltza esfortzu handiz. Asko dago egiteko, baina bagoaz lanak euskaraz sortzen.

Duela hilabete batzuk Inurri itsuak euskarazko filma ere grabatu zenuen, Igor Legarreta zuzendariarekin. Nolako itxura du horrek?

Oso-oso itxura ona. Grabaketetan denok gauza bera esaten genuen. Baina, batzuetan, buruan duzun ideiatik irteten denera... Goazen ikustera, baina nire espektatibak altuak dira.

Egunotan Daniel Guzmanen La deuda filma ikusgai dago Hego Euskal Herriko aretoetan. Zorrotz heltzen die gizarte gaiei, ezta?

Bai, gizarte gai asko jorratzen ditu. Drama sozial bat da, eta adineko jende askok pairatzen duena islatzen du. Ikusten da errenta baxuko etxeetan bizi izan diren pertsona batzuk azkenean nola etxetik kanporatzen dituzten. Bankuen putre funtsen gaia ere ageri da.

Hedabideetako elkarrizketetan gai garrantzitsuak ari zarete hizpidera ekartzen.

Badago zinema mota bat entretenitzeko, eta beste zinema mota bat kontzientziak astintzeko. Bigarren taldekoa da La deuda. Halakoetan gustura aritzen naiz. Batzuetan, ikusleak espabilatu egiten dira halakoak ikusita.

Netflixek, berriz, iragarri du azaroaren 14an estreinatuko duela El cuco de cristal telesaila. Zer rol jokatzen duzu bertan?

Semea galdu duen ama batena egiten dut. Halako batean jakingo du semearen bihotza transplantatu diotela neska bati, eta sentituko du semearen parte bat bizirik dagoela neska horrengan. Istorio latza da. Thriller bat da, eta bere alde dramatikoak ditu. Zuzendaria Laura Alvea da, oso fina; exijentea, baina distira ateratzen dizun horietakoa.

Itziar Ituno Netflixen El cuco de cristal telesailean
Itziar Ituño eta Ivan Massague, Netflixen 'El cuco de cristal' telesailean. NETFLIX
Telesail horren promozioan ariko al zara?

Ez, ezingo dut, Argentinan izango bainaiz. 2021ean Buenos Airesen Pensamiento lateral filma grabatu nuen protagonista gisa, eta orain estreinatuko dute. Mar de Platako zinema jaialdian aurkeztuko dute, eta han izango naiz. Argentinan kulturaren egoera nola dagoen ikusita, Milei dela-eta, esfortzu handia behar izan da filma aurrera ateratzeko.

Txilen ere ibilia zara. Zer konta dezakezu?

Duela bi urte hasi nintzen Uzal telesailean lanean. Hondoratutako itsasontzi baten istorioa da. Komedia bat da, eta teknologia berriak erabili behar izan ditugu. Plato batean grabatu dugu azken partea, eta irudikatu hondartza batean edo itsasertzean gaudela, unreal izeneko teknologiaren bidez. Aurrekontu arazoengatik egin behar izan genuen hori, lantaldea kostaldera eramatea oso garestia zelako. Ez dakit telesaila noiz estreinatuko duten.

Itziar Ituno Argentinako Pensamiento lateral filmean
Itziar Ituño da Argentinako 'Pensamiento lateral' filmeko protagonista. BERRIA
2026an, zer?

Etorriko dira proiektu berriak. Baina indarrak hartzeko tartea ere hartu behar dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.