ETB1ek %2,28ko ikusle kuota bereganatu du batez beste 2018. urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino ia hiru hamarren gehiago. Horrenbestez, hamarkada osoko batezbestekorik onena bereganatu du euskarazko kateak; 2009an %2,96ko kuota izan zuen, eta, orduz geroztik, ez du gainditu amaitu berri den urtearen batezbestekoa. 2015ean eta 2016an izan zituen daturik txikienak ETB1ek: %1,9ko ikusle kuota. Denboran atzera joz gero, 2005ean %5eko ikusle kuota zuen kateak. Azkeneko hamarkadan, asko handitu da Euskal Herrian doan ikus daitezkeen telebista kateen kopurua, eta horrek eragina izan du kate gehienen ehunekoaren jaitsieran.
ETB1en %2,28 horretan, bestalde, ikusleen %40 inguru kirol emanaldiei esker lortutakoak dira. Pilota txapelketetako finalek, esate baterako, datu apartak izan dituzte: binakako finalak %16,2ko kuota izan zuen; buruz burukoak, %23,7koa —azken bost urteetako handiena—; eta lau t'erdikoak, %21,4koa.
Euskarazko beste kateak, ETB3k, %0,3ko ikusle kuota bereganatu du 2018an, aurreko urtean baino bi hamarren gutxiago; 2017an beste hamarren bat galdu zuen. Bi urtean ikusleen erdiak galdu ditu, beraz, haurrentzako kateak.
ETB2 kateak %8,3ko ikusle kuota bereganatu du 2018an, aurreko urtean baino puntu erdi gehiago. Gainera, azkeneko lau urteetako batezbestekorik onena lortu du; 2014an, %9ko ikusle kuota izan zuen, eta orduz geroztik datu horretatik behera ibili da gaztelaniazko katea.
ETB4 kateak —gaztelaniazko errepikapenek osatzen duteprogramazioaren gehiengoa—%0,6ko ikusle kuota izan du 2018an, aurreko urtean baino hamarren bat gutxiago.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tele5 izan da 2018an gehien ikusi den katea, hogeigarren urtez: %16ko ikusle kuota —Espainiako kate pribatua 1,2 puntu igo da, 2017ko batezbestekoarekin alderatuta—. Bigarren tokian, sei puntura, Antena3 gelditu da—hiru hamarren galdu ditu—. La1 hirugarren tokian dago, %9,6ko kuotarekin —hamarren bat igo da—. La Sexta mantendu egin da (%7,9); Cuatro hamarren bat igo da (%5,6), baita La2 ere (%2,8).
Katalunian, TV3 katalanezko kateak azkeneko sei urteetako daturik onena bereganatu du, eta liderra izan da, %14ko batez besteko kuotarekin. Bigarren tokian dira Tele5 eta Antena3 kateak, biak 4,2 puntura. Marka berribat ezarri du TV3ek: aurreneko katea da bederatzi urtez jarraian urteko liderra izan dena Katalunian.
Telebista kontsumoari dagokionez, Nafarroan telebista gehiago ikusten da Araban,Bizkaian eta Gipuzkoan baino. Hala diote, behintzat, Kantar Mediaren abenduko datuek: herritar bakoitzak 246 minutu pasatzen ditu egunean telebistaren aurrean Nafarroan; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 228 minutu egiten ditu herritar bakoitzak telebistaren konpainian. Are txikiagoa da Kataluniako datua: 217 minutu. Espainian, azkeneko hamabi urteetako kontsumo txikieneko abendua izan dute: 238 minutu.
Gabon zaharreko saioak
2019. urteari ongietorria emateko programek harrera ona izan zuten Euskal Telebistan: kanpaietako Kaixo 2019 saioa aldi berean eman zuten ETB1en eta ETB2n, Guardiatik (Araba). Bi kateetako datuak batuta, %14,6ko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %18,5—; kanpaien minutuan, ETB1ek 55.000 ikus-entzule izan zituen, eta ETB2k, 65.000. Kanpaien ostean, ETB1ek Go!azen 2019 gala eman zuen; telesaileko aktoreak musikari ezagunekin aritu ziren kantuan, eta %7,8ko ikusle kuota lortu zuen—euskaldunen artean, %15,2—. 142.000 herritarrek ikusi zuten uneren batean musika saio berezia. Nabarmen txikiagoa izan zen kanpaien aurretik euskaraz eman zuten saioaren harrera: Herri txiki, urte berri mahats! saioak %3,3ko ikusle kuota izan zuen—euskaldunen artean, 6,8—. ETB2k kanpaien aurretik eta ondotik ¡Se acabĂ³ 2018! saioa eman zuen, eta %12,9ko ikusle kuota lortu zuen.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren urte amaierako mezuak ETB1en—eguerdiko albistegiaren barne— %4,5eko ikusle kuota izan zuen—euskaldunen artean, %14—; eta ETB2n —albistegiaren barne hura ere—, %19,1ekoa.