EITBko kazetaria

Amaia Artetxe: «Baikorra naiz, eta edalontzia erdi beteta ikusten dut»

Ostegunero 'Kult zinema' saioko mahai inguruak aurkezten ditu Artetxek Primeran plataforman. Nabarmendu du euskarazko ikus-entzunezko sektoreak baduela «giharra».

Amaia Artetxe 'Kult zinema' saioko aurkezlea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Amaia Artetxe 'Kult zinema' saioko aurkezlea. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskadi Irratian, Gaztean eta ETBn kazetari aritutakoa da Amaia Artetxe (Bermeo, Bizkaia, 1984). 2021etik, ETBko albistegietako kultura arloburua da.

Nola iritsi zitzaizun proposamena Kult zinema saioan aritzeko?

Etxe barrutik. EITBn iritsi zitzaidan proposamena, hemen jaiotako proiektua delako. Vanesa Fernandez EITBko Euskara eta Kultura zuzendaria nirekin jarri zen harremanetan. Hori baino lehen, Begira Produkzioak ekoiztetxekoek proposamen bat egin zuten, eta iruditu zitzaien ni izan nintekeela formatu honetarako aurkezle aproposa. Ane Rotaetxe saioko zuzendariarekin aspaldi lan egindakoa naiz, eta aipatu zidan nik aurkez nezakeela. Niri proiektu oso interesgarria iruditu zitzaidan hasiera-hasieratik. Gainera, buruan aspaldi nuen horrelako zerbait egin beharra zuela ETBk.

Saioa aurkeztean, Rotaetxek esan zuen «altxorra» dela zu programako gidaritzan aritzea. Pozik? 

Bai, pozik baino pozago. Lanera etortzea obligazio bat ere bada, baina lankideekin hain gustura zaudenean, obligazioa alde batera uzten da. Orduan, gozamena, plazera eta ilusioa gailentzen dira. Begira Produkzioak-eko lantaldearekin ari naizen bakoitzean sentitzen dudana zera da: «Zelako zortea dudan horrelako proiektu batean aritzeagatik, hain ondo inguratuta». 

Non ari zarete grabatzen?

Lehenbiziko atalak K2000 ekoiztetxeko plato batean grabatu ditugu. Beste bi Erandioko Tartanga Lanbide Heziketako ikastetxeko platoan grabatu ditugu. Horrek ere badauka bere puntua: etorkizuneko profesionalak-eta trebatzen ari diren bitartean, gu haien platoa baliatzen ari gara eduki profesional bat egiteko, sektoreko profesionalei ahotsa emanez. Zirkulu bat balitz bezala.

Atal bakoitzean proiektu bereko lau edo bost lagun elkartzen dituzue mahai inguruan. Nola joaten dira denborak?

Formatua 50-60 minutu arteko mahai inguru bat da, eta saiatzen gara zuzeneko faltsu bat egiten. Hau da, benetako denbora errealean egiten saiatzen gara, saioa ahalik eta gutxien editatu behar izateko, solasaldia gertatu den moduan jaso ahal izateko. Grabatu ditugun lau ataletan ordubete inguruko grabazioak egin ditugu.

Halako saio gutxi egin dira euskaraz azkeneko urteetan. Ez, behintzat, zinemaz mahai-inguru formatu honetan. 

Interesa duten ikus-entzuleei egindako proiektua da, benetan uste dugulako interesa duela jasoko dugun horrek. Sinistuta gaude ikusten duenak gustura ikusiko duela.

Primeran plataforman bertan ikusgai daude mahai inguruetan aztertzen dituzten filmak eta telesailak. Haizeak alde jokatzen du hor, ezta?

Erabat. Hori sustatzeko ere sortuta dago saioa, hainbeste esfortzuz egindako ikus-entzunezko sorkuntzei espazioa emateko. Pelikulei zein telesailei balioa emateko. Aztertzen ari garen pelikula edo telesaila doan eskaintzen du plataformak berak. Eta hori balio erantsi ikaragarria da.

EITBko albistegietako kulturako arloburu izanik, harreman batzuk egin dituzu sektorean. Lagungarri, ezta?

Bai, duda barik; ekosistema ez zait arrotza egiten. Eroso sentitzen naiz eremu honetan. Estimatzen ditut bertan lan egin duten profesionalak, eta estimatzen ditut egiten dituzten proiektuak. Alde horretatik ere, haizea aldekoa da. 

Amaia Artetxe Kult zinema saioko aurkezlea
Amaia Artetxe Kult zinema saioko aurkezlea, Erandion (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU
Zer da saio berri honetan zailen egiten ari zaizuna?

Ez dago bereziki zaila egiten ari zaidan ezer, zeren formatua hain da atsegina. Hain da gozagarria. Gidoilaria ere zoragarria da: Naia Arantzamendi. Mahai inguruen dinamizatzaile lana herdoilduta neukan, solasaldi bizia baita. Hasieran igarri nuen aspaldi ez nuela horrelako zerbait egiten, baina ari naiz erritmoa hartzen. Erosoago nabil orain.

EITBren Guau plataforman ere Klaketa egiten du Gaizka Izagirrek. Beste formatu bat da. Jarraitzen duzu?

Bai, jakina, handik pasatzen baitira momentuko protagonistak. Bi saioak bateragarriak iruditzen zaizkit. Izagirre oso aditua da, sektoreko erreferenteetako bat ere bada zinemari dagokionez, eta iruditzen zait egiten duen espazioak badaukala bere balioa haren begiradatik. Haren sinadura darama.

Albistegietako lanari dagokionez, Oscar sarien berri ematera joan zinen Los Angelesera 2024an, Robot dreams filma hautagaia izan zenean. Nola joan zen bidaia hura?

Amets moduko bat izan zen hara joatea. Sekulakoa izan zen han egotea eta aukera hori bizitzea. Protagonisten jarraipena egitea gozamena da. Halakoetan ikasten da gehien, erredakzioko lanetik aterata; lekuetara joan, protagonistekin egon, ikusten duzuna kontatu. Horrelakoak egiteko aukerak ditudanean, oso zoriontsua naiz.

Euskarazko film batekin Oscarretara joan ahalko zara inoiz?

Bai, seguru. Ez daukat dudarik. Lehen zailagoa zen, zurrunagoa baitzen sistema, baina zinema independenteak beste maila bat hartu du. Esperantza hori badut, behintzat.

Euskarazko telesail batzuk ari dira estreinatzen aurten. Eta ekainaren 4an, Tamara ta Mara dator.

Uzta handia ezagutzen ari gara. Argi gorriak, Piztiak... aurki Tamara ta Mara. Eta grabatu diren beste batzuk falta dira estreinatzeko. Hor ere ari gara beste begirada batzuk eta beste zuzendari batzuk ezagutzen, beste ekoiztetxe txikiagoak. Hori aberastasuna da. Sektoreak badu giharra, gogoa... Gazte jendea eta ez hain gaztea badabil sortzen, eta euskaraz. 

Euskarazko ikus-entzunezkoen egoera nola definituko zenuke? 

Baikorra naiz, eta edalontzia erdi beteta ikusten dut. Sorkuntza aldetik, badago giharra. Babesa eman behar zaio euskarazko sorkuntzari, zalantzarik gabe. Baina gizarte moduan eta euskal komunitate moduan ere euskaraz bizi nahi baldin badugu eta ikus-entzunezkoak euskaraz izatea nahi baldin badugu, gero lan horiek ikusi egin behar dira. Baikorra naiz, baina ikus ditzagun euskarazko ikus-entzunezkoak, babestu ditzagun, bultza ditzagun. Eta ikusiko dugu zer bide egiten duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA