Donostiako Zinemaldiaren 74. aldia gaur hasiko da, izarrez eta zinema zalez beterik. Komunikabideak eta kazetariak ere ez dira faltako zinema jaialdian. Jarraipen berezia egingo duten komunikabideen artean, BERRIA eta EITB talde publikoa ariko dira Gipuzkoako hiriburuan, besteak beste.
2021. urtetik hona egin moduan, BERRIAk 25. Fotograma izenarekin egingo du ikus-entzunezko eskaintza Donostiako Zinemaldian. Gaur bertan, Hamalau gau dokumentalaren inguruan (Zabaltegi), Oskar Alegriarekin eta Iñar Sastrerekin egindako bideo elkarrizketa emango du argitara egunkariak, 25. Fotograma-n. Etzi, Inurri itsuak fikziozko euskarazko filmaren inguruan hitz egingo dute Igor Legarreta zuzendariarekin. Izaskun Arandia zinemagile eta ekoizleak Irailak dokumentalaren ingurukoak kontatuko ditu, irailaren 22an. Azkeneko bi elkarrizketetan, Koldo Almandoz zinemagilea Azken agurra filmaz ariko da —Sail Ofizialean estreinatuko dute, lehiaz kanpo—, eta Elsa Oliarj-Ines zinemagilea Zuberoako haur batzuekin filmatu duen Txakun txakur dokumentalaz ariko da. Elkarrizketatzaile lanetan Garazi Karrera ariko da.
Zinema kritikei dagokienez, Lander Garrok egingo ditu Sail Ofizialeko filmen iruzkinak: bideo formatuan eta testuetan. Beste sail batzuetako pelikulak iruzkinduko ditu Uxue Arzelusek.
Era berean, BERRIAko ikus-entzunezko taldeak zinema jaialdiak bizitako une berezi asko jaso eta zabalduko ditu bideo formatuan: Donostia sariak emateko ekitaldiak, Zinemira saria emango duten momentua —aurten Jose Ramon Soroiz aktoreak jasoko du—, eta azken eguneko sarien ingurukoak ere kontatuko ditu taldeak; bideoetako batzuk bertikalak izango dira.
BERRIAko Kultura sailak, ohiko moduan, jaialdiaren jarraipena egingo du webean eta paperezko edizioan. Sail Ofizialean lehian diren filmen aurkezpenak, elkarrizketak, kritikak eta bestelako iritziak irakurri ahalko dira datozen egunetan euskarazko egunkarian.
Gala nagusiak, telebistaz zuzeneanÂ
ETB1 kateak zuzenean emango du gaur Donostiako Zinemaldiaren 74. aldiko irekiera ekitaldia, 20:30ean. ETB On atari digitalean eta RTVE Play doako plataforman ere ikusi ahalko da. Bihar gauean Naomi Watts aktoreari emango diote Donostia saria, eta ekitaldi hori ETB On plataforman ikusi ahalko da, 22:15ean.
Hilaren 22an, ETB1ek Euskal Zinemaren Gala emango du zuzenean, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokitik. Miren Gaztañaga eta Ane Gabarain aktoreek aurkeztuko dute. ETB On plataforman ere ikusgai izango da.
Hilaren 23an, EITB Galan, David R. Losadak zuzendutako Odol ilargia telesaila aurkeztuko dute. Ekitaldi hori ez dute EITBn emango; aldiz, telesailaren lehen bi atalak Primeran plataforman estreinatuko dituzte hilaren 25ean.
ETBko Gaur egun eta Teleberri albistegiak Viktoria Eugenia antzokiko terrazatik egingo dituzte hilaren 24an; handik bertatik egingo dute ETB1eko Egun On saioaren zati bat, gaur goizean bertan. Sara Gandarak, bestalde, gauero hamabost minutuko kronikak egingo ditu ETB2ko La Noche de... Zinemaldi saio berezietan.
Itxiera gala ere emango dute ETBk eta RTVEk zuzenean, eta han jakingo da nork irabazten duen Jose Luis Rebordinos zuzendariaren aroko azkeneko Urrezko Maskorra. Hilaren 26an izango da hori.
Primeran plataforman, bestalde, gune berezi bat prestatu dute, eta bertan ikus daitezke osorik eta doan Donostiako Zinemaldian saritu izan dituzten hainbat film. Euskal Herriko ekoizpenak dira gehienak.