BERRIAk adimen artifizialari buruzko albiste buletin bat egingo du

Azaroaren 18an argitaratuko dute lehen buletina, eta bi astean behin jaso ahalko dute izena ematen dutenek. Irakurleek adimen artifizialaren inguruko galderak eta iradokizunak bidaltzeko aukera izango dute.

Adimen artifizialarekin lotutako BERRIAko albisteak, webgunean. BERRIA
Adimen artifizialarekin lotutako BERRIAko albisteak, webgunean. BERRIA
urtzi urkizu
2026ko azaroaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dozena bat albiste buletin baditu BERRIAk, eta datorren astetik aurrera, badon/k hamahiru. Adimen artifizialaren inguruan BERRIAk argitaratzen dituen artikulu, albiste, erreportaje, elkarrizketa eta kolaboratzaileen iritzi artikuluak albiste buletin batean jaso ahalko ditu irakurleak. Gaurtik eman daiteke izena albiste buletinean harpidetzeko, eta hilaren 18an hasiko dira bidaltzen. Bigarrena abenduaren 2an izango da, eta handik aurrera, bi astean behin zabalduko du BERRIAk albiste buletin berria.

Era berean, adimen artifizialari buruzko galderak eta iradokizunak bidaltzeko, helbide elektroniko bat sortu du: teknologia@berria.eus. Irakurleek aukera izango dute argitaratutako artikuluei buruzko galderak bidaltzeko, kexaren bat edo kritikaren bat helarazteko, edota egunkariko kazetariek lantzea gustatuko litzaieken gaiak proposatzeko. Adimen artifizialaren inguruan dauden pertsona, aditu, langile edo proiektu interesgarrien berri emateko ere idatz daiteke bertara.

Adimen artifizialaren gaineko buletin informatiboaz gain, beste hamabi hauek ditu BERRIAk: Mendia, Kazetaritza ardatz, Kinka —klima larrialdia eta ingurumenaren ingurukoa—, Astekaria, Goizeko buletina, Badok musika atariaren buletina eta Arratsaldeko buletina. Herrialdeetako bost buletin hauek ere baditu: Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko buletinak. Guztietan harpidetzea doakoa da; webgunean bertan egin daiteke.

Dekalogo bat 

Adimen artifiziala bizitzako eremu gehienetara iritsi da. Oinarrian dagoen teknologia ez da berria, baina haren gaitasunaren bilakaera eta zabalkundea bai, eta ikusteko dago zer bide egingo duen eta noraino iritsiko den. Kezka ere eragin du gizartean, eta horren isla dira BERRIAn argitaratzen diren artikuluak.

Hainbat sailetan argitaratzen ditu egunkariak adimen artifizialaren bueltako artikuluak. Hala, Teknologia eta robotika (adimen artifiziala) etiketa aukeratuz gero, tankera guztietako albisteak ageri dira egun gutxitan. Informazio buletin berriak aukera emango dio harpidetzen denari gaiaren gaineko artikulu guztiak elkarrekin jasotzeko, eta adimen artifizialaren ertz ugariri buruzko edukiak ikusteko, baita ertz berdinari buruzko askotariko ikuspegiak izateko ere. Eta gaiari buruzko artikuluren bat bidean galdu baldin badu, eskura izateko. Kasurako, Lizar Begoñak idatzi duen AA eta inplikazio emozionala lerroburuko iritzi artikulua.

BERRIAko erredakzioan Jakes Goikoetxea kazetaria arduratzen da adimen artifizialarekin lotutako gaiak lantzeaz. Julia Nueno Guitart ikertzaileari elkarrizketa egin dio berriki; doktore tesian, Forensic Architecture taldeko kideak ikertu du Israelgo poliziak eta armadak nola erabiltzen duten adimen artifiziala, eremu fisikoan uzten dituen ebidentzietan oinarrituta.

Iaz, BERRIAk, komunikabideen panoraman erreferente gisa duen zereginaz jabetuta, funtsezko urrats bat egin zuen: adimen artifiziala erabiltzeko berariazko irizpide deontologikoen dekalogo bat sortu eta formalizatu zuen. 2025eko ekainaren 17an aurkeztu zuten. Dekalogoan jasota dago BERRIAn ez dela adimen artifizial sortzaileak idatzitako testurik argitaratuko, ez osorik, ez partez. BERRIAren Estilo Liburuan, Deontologia atalaren barnean kontsulta daiteke dekalogo hori. Egunkariak atal horretan laburbildu du nola jokatuko duen adimen artifizialari dagokionez, garbi egon dadin nola, noiz eta zertarako erabil daitekeen, eta erabiltzea zilegi denean zer betebehar dakartzan ezinbestean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA