Haukteskundeak

BERRIAk eta EITBk lehendakarigaiak elkarrizketatuko dituzte datozen egunetan

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina gaur hasiko da, eta hedabideek askotariko edukiak argitaratuko dituzte. ETB1eko eztabaida hilaren 10ean izango da.

Emakume bat botoa ematen, Barakaldon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Emakume bat botoa ematen, Barakaldon. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 4a
05:00
Entzun

Hilaren 21ean izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Legebiltzarrerako bozak, eta ofizialki gaur hasiko da hauteskunde kanpaina. Gauzak horrela, hiru herrialde horietan argitaratzen diren hedabideek arreta berezia jarriko dute alderdi politikoen jarioan.

BERRIAk egunero argitaratuko ditu analisi bat; kanpainaren eguneko laburpena; lagun ezagunei egindako galdera laburrak; sektoreka errepasoa egingo du; bideo laburrak ere argitaratuko ditu kazetak; eta lau idazle kronikagile lanetan ariko dira —bakoitzak mitin baten kronika idatziko du—. Analisiak idazten Ainara Vilariño, Nerea Azurmendi eta Ainhoa Etxaide ariko dira, txandaka. Sektoreei dagokionean, BERRIAko kazetariek gai hauek landuko dituzte: osasuna, etxebizitza, hizkuntza politika, hezkuntza, trantsizio energetikoa eta ekonomia, besteak beste. Lehendakarigaien elkarrizketak hilaren 12tik 19ra argitaratuko ditu BERRIAk.

Bi eztabaida ETBn

EITB taldeko hedabideetan, ohiko moduan, hautagaiei egindako elkarrizketak eta eztabaidak emango dituzte. Elkarrizketak ETB1en Odei Esnaolak egingo ditu, 09:30ean; ETB2n, Africa Baetak, 15:00etako Teleberri-ren ondoren; Euskadi Irratian, Iñaki Guridik, 08:30ean; Radio Euskadin, Xabier Garcia Ramsdenek, 09:05ean; eta Radio Vitorian, Aratz Goikoetxeak, 08:30ean. Hilaren 9tik 19ra egingo dituzte elkarrizketa horiek.

Bi hauteskunde eztabaida emango ditu EITBk: bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Euskarazkoa hilaren 10ean izango da, ETB1en eta Euskadi Irratian, eta moderatzaileak Xabier Usabiaga eta Nerea Reparaz izango dira. Gaztelaniazkoa hilaren 16an emango dute ETB2k eta Radio Euskadik, eta moderatzaile lanak Africa Baetak eta Xabier Garcia Ramsdenek egingo dituzte. Eztabaidaren aurretik eta ondoren, analisiari eskainitako tarteak emango dituzte. Analisiari dagokion programa Odei Esnaolak aurkeztuko du ETB1en, eta Juan Carlos Etxeberriak ETB2n.

Hilaren 21eko gauean, BERRIAk eta EITBk ahalegin berezia egingo dute hauteskundeen emaitzen berri emateko. ETB1eko programa berezia Nerea Reparazek eta Xabier Usabiagak aurkeztuko dute. Euskadi Irratikoa, berriz, Maite Artolak. BERRIAk paperezko egunkaria argitaratuko du astelehenean, hilaren 22an, emaitza guztiekin.

Interneteko sare sozialetan hauteskunde kanpainak oihartzun zabala izatea espero da. Eneko Oroz eduki sortzaileak iragarri du hauteskunde gauaren zuzeneko berezia egingo duela Tiktok sare sozialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.