Telebista arloan hamalau urtez egin du lan Iñigo Sbeltzak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1983), hainbat ekoiztetxetan. Orain, bere ekoiztetxe propioa du: Maua.
Nola sortu zitzaizun Izaki pixkat gardenak telesaileko istorioak kontatzeko bulkada?
Badaukat parte bat oso espirituala. Adibidez, Mikel Lizarralde mediuma ezagutu nuen, eta haren ikastaroetan egon izan naiz. Hau da, beti izan dut desira espirituak ikusteko, edo, behintzat, jakiteko zer dagoen beste aldean. Hiltzen garenean, zer gertatzen da? Hemen bukatzen al da dena?
Gai horietatik hartu duzu inspirazioa?
Lehenbizi, film labur bat idatzi nuen, eta beste atal bat izango den istorioa ere idatzi nuen. Horiek idatziak nituela, ETBren Formatu txikiak, talentu berria deialdia atera zen. Orduan, neure buruari esan nion: baditut bi kapitulu, eta beste lau idazten baditut... agian telesail bat izan dezaket. Idatzi nituen beste lau istorioak, eta hementxe gaude.
Telesailaren sarrera edo hasieratik bertatik nabari da beldurrezko generoa presente egongo dela. Heriotzarekin eta espirituekin ere jokatzeko asmoa badago, ezta?
Ikusleak ez du beldurra sentituko telesaila ikustean. Espirituekin eta halakoekin badago tentsioa, badaude ezustekoak eta umorea. Ikusleek barre egingo dute.
Umorea nola sartu duzu halako gaiekin batera?
Ez zait gustatzen heriotzari ematen zaion iluntasun hori; izan dezake alde argitsu bat. Sinesten dut berraragiztatzean; edo uste dut bizitzan zerbaitetarako gaudela, eta gero arimak bidaiatu egiten duela. Telesailean kendu egin nahi nion iluntasuna heriotzari. Eta nola egin hori? Umorearen bitartez, nik ere bizitzan umore asko erabiltzen baitut. Umorez gauzak errazago eramaten dira.
Telesaileko sei atalak istorio independenteak dira, eta amaitu egiten dira. Argi zenuen hori nahi zenuela?
Bai, batez ere bi film labur horiek lehendik idatziak nituelako, horiek jada itxiak baitzeuden.
Beste lau atalen gidoiak idazten disfrutatu al zenuen?
Bai, baina erronka izan zen. Niri beti gustatu izan zaizkit beldurrezko generoa eta umorea. Orduan, biak uztartzea berez atera zait. Bestalde, oso pozik nago hau zelako jaialdirik egokiena telesaila estreinatzeko.
Zergatik?
Bizitza osoa daramat jaialdi honetara etortzen. Gaupasak egin izan ditut ilaran, jaialdiko abonua lortzeko. Estreinaldiak hemen izan behar zuen, argi zegoen.
Telesaileko filmaketak nola joan ziren? Lantalde teknikoan, efektu berezietan... konfiantzazko jendea izan duzu.
Elisa Bogalheiro portugaldarra izan da nire konfiantzazko lankidea. Umore bera dugu, eta bizitzaren kontzeptu berdina ere bai. Bera Bartzelonan bizi da, eta handik ekarri zuen lantalde teknikoaren erdia.
Aktoreak atal bakoitzean aldatuz doaz. Haietako batzuk euskal ikusleentzat oso ezagunak.
Oso lagun onak dira horietako batzuk: Ainhoa Larrañaga, Aitziber Luma, Xabi Elizalde... Argi nuen proiektua lagunekin egin nahi nuela. Filmaketetan sekulako giro ona izan genuen. Nire anaia Jon Sbeltzak, berriz, efektu bereziak egin zituen. Nazioartean proiektu handietan ibiltzen da, tartean Ingalaterran eta. Proiektu honetan deskubritu dut anaia zein ona den efektu berezien lanketan.
Izaki pixkat gardenak egin ondoren, aurrera begirako beste proiekturik baduzu esku artean?
Bigarren denboraldirako jada ideia batzuk badauzkat buruan. Horrez gain, beste telesail baten proiektua badut, eta hori serioagoa edo dramatikoagoa izango da. Bertan kontatu nahiko nuke nola pisukide batzuk egiten diren oso ospetsuak Interneten, eta etxetik ezin atera geldituko diren, zale amorratuak etxe aurrean zain baitaude. Zale horiek zonbiak bezalakoak izango dira.
Maua ekoiztetxea nola doa?
ETBrentzat Txoriene sukaldaritza saioa egiten dugu. Aurrera goaz, gutxinaka-gutxinaka, eta pozik. Izaki pixkat gardenak Gasteizen grabatu genuen, oso egun gutxitan. Pizgarri fiskalak baliatu genituen, egitasmoaren finantzaketa aurrera eramateko. Iruditzen zait zorte handia daukagula halako egitasmoetan hobari fiskalak baliatu ahal izateagatik. Ez dakit halakoek zenbat urte iraungo duten, baina euskarazko egitasmoak egiteko aprobetxatu behar da garai hau. Ea aprobetxatzen den, eta gauza politak egiten diren.