Errenterian (Gipuzkoa) du egoitza Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategiak. Euskararen bueltako askotariko egitasmoak jarri dituzte martxan azkeneko urteetan, eta, besteak beste, Nork Nori Noiz? bideopodcasta sortu zuten iazko udaberrian. Lehen denboraldiko atalak EITB taldeko Guau plataformara iritsi ziren gero. Eta, orain, bigarren denboraldia grabatu dute Hiru Damatxo ekoiztetxearekin elkarlanean: atal guztiak Guau plataforman bertan eta Badalab laborategiaren Peertube kanalean argitaratuko dituzte, ostegunero.
Entzuteko eta ikusteko moduan da jada bigarren denboraldiko lehen atala. Hartan, Mikel Irizar ekintzaile euskaltzalea eta Goiatz Oiartzabal Badalabeko zuzendaria ageri da solasean. Errenterian aurkeztu zuten bigarren denboraldia, atzo. Eta Irizarrek azaldu zuen berrikuntza ezin dela ulertu pertsona berritzaileak eta belaunaldien arteko harremanak kontuan hartu gabe. «Belaunaldi bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta osagarritasun horretan dago indarra», gaineratu zuen.
Elkarrizketa formatu berezia du podcastak. Bikoteka eta elkarrizketatzailerik gabe, mahai baten bueltan esertzen dira bi lagun. Karta jokoen eta bestelako objektuen bitartez «giro ludikoa» sortu, eta protagonistek hainbat gairen inguruan hitz egiten dute oinarri horretatik abiatuta. «Podcastean etorkizuna, jolasa, galdera eta zalantza dira abiapuntu nagusiak», dio Oiartzabalek. Hark nabarmendu duenez, proiektuaren helburua da «euskararen inguruko iruditeria aberastea» eta «euskal komunitatearen etorkizuna eraikitzen ari diren ahots eta gorputz askotarikoak ikusgai jartzea». Badalaben ez baitute geldirik egoteko asmorik. «Etorkizuna gaurtik eta egunerokotik eraikitzen dugu; horregatik, beharrezkoa da eraikuntzarako ibilbidea bera zalantzan jartzea».
Olaia Inziarte eta Antton Telleria
Bigarren denboraldiko beste atal batean, Onintza Legorburu ikerlaria eta Oier Zuñiga aktore eta sortzailea jarriko dituzte aurrez aurre. Euskarak XXI. mendean beharko dituen aliantza eta iruditeriez hausnartuko dute. Beste atal batean, berriz, Antton Telleria Gazteako eta ETBko aurkezlea eta Olaia Inziarte musikaria eseriko dira podcasteko mahaian, euskal kulturaren etorkizuneko eszenatokiez hitz egiteko, «umorea eta konplizitatea lagun» dituztela.
Denboraldi berriak hamar atal izango ditu. Hiru Damatxo ekoiztetxeko Asier Kortabarriak aipatu du atal berrietan «ezustekoak» eta «ezohikotasuna» indartu dituztela. «Parte hartzaile askok ez dute ezagutzen Badalab, eta hainbat kasutan, podcast honetan elkartu dira lehen aldiz».
Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak adierazi du EITBren erantzukizuna ere badela euskarazko beste proiektu eta produktuei «erakusleiho bat, oihartzuna eta ikusgaitasuna» ematea. «Nork Nori Noiz? da horren adibideetako bat».