Dani Alvarezek Euskal Kazetariak saria jaso du

Kazetarien Euskal Elkargoak gaur iluntzean eman ditu sariak, Bilbon. Gizarte, Pertsonaia edo Erakundea saria Durangoko Azokari eman diote, 60. urteurrena dela eta.

Dani Alvarez Euskal Kazetariak saria jasotzen, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Dani Alvarez Euskal Kazetariak saria jasotzen, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
2025eko azaroaren 5a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dani Alvarez EITB taldeko kazetariak (Puentes de Garcia Rodriguez, Galizia, 1977) EAEko Kazetarien Euskal Elkargoaren Euskal Kazetariak saria jaso du gaur iluntzean, Bilboko BBK Salan egindako ekitaldian.

Alvarezek hainbat ardura postu bete ditu Radio Euskadin, eta denboraldi honetan ETB2ko gaueko albistegia aurkezten ari da. 

«Euskadin eta Euskaditik kanpo egindako lanagatik gure lanbidean eredu den euskal informazioaren profesional bat saritzea dugu helburu», azaldu du Kazetarien Euskal Elkargoak. Pozez hartu du saria Alvarezek, eta zera esan du: «Gurasoekin albistegiak ikusten nituenean amestu nezakeen baino askoz aitortza handiagoa da sari hau».

Amaia Goikoetxea elkargoko dekano eta presidenteak ekitaldiaren aurkezpenean indarrak biltzearen aldeko mezua zabaldu du: «Garai ilunak bizi ditugu, eta denon artean bat egin behar dugu, mundua aldatzeko, egia bilatzeko eta kazetari ogibideari prestigioa emateko».

Almudena Ariza TVEko berriemaileari eman diote Jose Maria Portell adierazpen askatasunaren saria, azken urteetan Ukrainan eta Palestinan egindako lanagatik.

Ibilbide profesionalaren saria El Correo egunkariko Manuel Alvarezek jaso du. Ekonomia gaietan egin du lan hainbat urtez.

Gizarte, Pertsonaia edo Erakundea saria Durangoko Azokari eman dio kazetarien elkargoak, aurten azokaren 60. urteurrena izan dela-eta.

Kazetaritza digitalaren kategorian, 5W hedabide digitala saritu dute. Nazioarteko gaiak lantzen dituzte hedabide horretan hainbat kazetari independentek.

El PaĂ­s egunkariko El PaĂ­s Semanal gehigarriaren edizio grafikoaren arduradun Gorka Lejarzegiri, bestalde, Juantxu Rodriguez fotokazetaritza saria eman diote.

Ingurumen komunikazioaren saria euskarazko Natura bizia dokumentalarentzat izan da. Lan horren zuzendari Lexeia Larrañaga elkarrizketatu du BERRIAk. Bertan azaldu du National Geographic kateak dokumentalaren eskubideak erosi dituela, eta munduko herrialde ugaritan ari direla ematen. Euskal Herriko ekosistema desberdinen inguruko dokumental bat da, eta Alberto Iñurrategi mendizaleak egin ditu aurkezle lanak.

Kazetarien Euskal Elkargoak ematen dituen sarien sarituak.
Saritu guztiak eta Amaia Goikoetxea Kazetarien Euskal Elkargoko presidentea (erdian), gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ohorezko saria Ramon Zallo eta Pedro Ibarra EHUko irakasle erretiratuei eman diete. «Biek ala biek gure herriko kazetarien belaunaldi berriak trebatzen eman dute bizitzaren parte handi bat, eta gizarte zibileko kide aktiboak izan dira, gatazka nazionalak konpontzeko hainbat plataforma eta elkarrizketa foro sustatu baitituzte eta haietan parte hartu baitute», nabarmendu du Kazetarien Euskal Elkargoak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.