Dantzerti eskolaren bederatzi lan Primeran eta ETB On plataformetan jarri dituzte

Lankidetza hitzarmena sinatu dute EITBk eta Dantzertik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arte dramatikoaren eta dantzaren goi mailako eskolak.

'Egin bedi zure nah-ia', Dantzerti eskolako ikuskizuna. ETB
'Egin bedi zure nah-ia', Dantzerti eskolako ikuskizuna. ETB
urtzi urkizu
2026ko apirilaren 8a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antzerkia eta dantza maite dituztenek aukera dute azken urteetako bederatzi obra pantaila batean ikusteko, doan. Non? EITB taldeko Primeran eta ETB On plataforma digitaletan. Izan ere, irrati-telebista publikoak eta Dantzerti eskolak lankidetza hitzarmena sinatu dute berriki. Eta horri esker jarri dituzte bi plataforma horietan Euskal Herrian ekoitzitako hainbat ikuskizun.

Arte dramatikoaren eta dantzaren goi mailako eskola da Dantzerti, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendekoa. EITBrekin lortu duten akordioari esker, elkarrekin emango dituzte ikasleen, etorkizuneko profesionalen eta euskal gizartearen «isla eta inspirazio izan nahi duten eduki digitalak». EITBk azaldu duenez, hautatutako obrek graduaren kalitatezko formakuntzaren berri ematen dute, «pertsonen gaitasunetan arreta jarrita, gaur egungo gizarteari erantzun egokia ematen saiatuta eta berrikuntza metodologikoan eta teknologikoan murgilduta».

EITBk adierazi du «konpromiso sendoa» duela herritarrei euskal kulturaren eta euskararen arloko eragileek sortutako edukiak, kultura eta gizarte interes nabarmenekoak, eskaintzeko. «Euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko ekarpen hori teknologiara egokitu behar da nahitaez, eta, horretarako, formula berriak kudeatu behar dira, teknologiaren etengabeko bilakaeraren aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzeko».

2020tik 2025era arteko lanak

Azkeneko sei urteetan Dantzerti eskolan sortu diren lan hauek ikus daitezke Primeran eta ETB On plataformetan: Eskamak kentzen antzezlana (Fernando Bernues, 2020), Uda gau baten bidegurutzea antzezlana (Mireia Gabilondo, 2021), Basatiak antzezlana (Maria Goirizelaia, 2022), Eskukatu dantza ikuskizuna (Fabian Thome, 2023), Neke asko eta ezer ez antzezlana (Iñaki Rikarte, 2023), Show dantza ikuskizuna (Ziomara Hormaetxe, 2024), Gasteizko hondartzak antzezlana (Ximun Fuchs, 2024), Basazuria dantza ikuskizuna (La Intrusa, 2025) eta Eldarnio-Delirio antzezlana (Jokin Oregi, 2025).

Obra horiez gain, martxoaren 24an Bilboko Azkuna zentroan estreinatu zuten Egin bedi zure nah-ia dantza ikuskizuna ere jarriko dute katalogoan; lan hori EITBk grabatu zuen, eta ekainetik aurrera ikusi ahalko da Primeran eta ETB On plataformetan. Asier Zabaletaren zuzendaritzapean, laugarren mailako ikasleek taularatu zuten, eta adimen artifizialak gizartean duen rolari buruzko hausnarketa kritiko bat proposatzen du.

Getari Etxegaraik zuzendutako Shakespeare ez zen inoiz hemen egon izeneko komedia, berriz, Barakaldoko antzokian (Bizkaia) estreinatuko dute, apirilaren 23an. Hori ere EITBk grabatuko du, eta ekainean plataformetan jarri. Benetakotasunari, iruzurrari eta istorio onen ahalari buruzko gogoeta egiten da antzezlan horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA