Gipuzkoako Arrasate herrian sortutako musika taldea da Des-kontrol. Oi! estiloko musika landu izan dute 1990eko hamarkadatik —punk-rockaren azpigenero bat da oi! musika, Erresuma Batuan 1970eko hamarkadan sortua—. 2024. urteko udaberrian hiru kontzertu eman zituzten Japoniako hiriburuan, eta beste bi Hego Koreako hiriburuan. Taldeak Tokion eta Seulen bizitakoak kamerekin grabatu zituzten, eta ondotik, Des-Kontrol East Asia Tour 2024 dokumentala ondu zuen J. R. Txopiteak. EITBren Primeran doako plataforman noiznahi ikus daiteke dokumental hori.
Mauka Musikagintzak ekoitzitakoa da dokumentala. Dokumentalaren irudietan punk-rock estiloko musikaren zale japoniar eta korearrak ageri dira. Giro berezia sortu baitzen euskal taldeko musikarien eta kontzertuetako zaleen artean.
Des-kontrol taldearen disko esanguratsuenak dira, besteak beste, Behin eta berriz (2002), Duintasunez eutsi (2006), Hipokrisia eta faxismoaren aurka (2008), Aurrera begira (2009), eta Inoiz baino argiago (2022). Taldeari buruzko xehetasun gehiago Badok atarian topa daitezke.