'Desagertuta' telesailak bi Produ sari irabazi ditu

Mexikoko MIP Cancun azokan jasoko dituzte sariak: Xabi Zabaletari, Marta Grauri eta Jesica Araneri emango diete thriller generoko gidoirik onenarena, eta Jon Lukasi aktore hasiberri onenarena.

Jon Lukas aktorea, 'Desagertuta' telesailean. PAUSOKA
Jon Lukas aktorea, 'Desagertuta' telesailean. PAUSOKA
urtzi urkizu
2025eko urriaren 23a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telesail berezia izan da Desagertuta hasiera-hasieratik. Aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz filmatu zutelako, batetik. Baina baita beste arrazoi batzuengatik ere. Primeran plataformak maiatzean estreinatu zuen euskarazko bertsioa, eta Netflixek orduan ekin zion gaztelaniazkoa emateari; urriaren 1etik, euskarazkoa ere ikus daiteke Netflixen. Orain, berriz, nazioarteko bi sari jaso ditu telesailak: Aurtengo Produ sarietan, thriller generoko telesail bateko gidoirik onenaren saria emango diete Xabi Zabaleta, Marta Grau eta Jesica Aran gidoilariei. Jon Lukas aktoreari, berriz, aktore hasiberri onenaren saria emango diote. Azaroaren 11n egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Mexikoko MIP Cancun azokan.

Telesailak ikusle asko izan ditu Primeran plataforman: EITBk emandako datuen arabera, 350.000 erreprodukzio baino gehiago. Gaur-gaurkoz, bosgarren tokian dago gehien ikusitakoen zerrendan.

Touré detektibea telesailak (ETB-TVE) sari bat irabazi du migrazioaren kategorian.

Nagore Aranburu saridun, 'Querer' telesailagatik

Beste euskal aktore bat ere sarituko dute Produ sarietan: Nagore Aranburuk jasoko du sari horietako bat, Querer telesailean egindako lanagatik. Fikzio lan hori Movistar Plus plataformarena da, eta beste lau sari eman dizkiote: drama familiarrik onenarena, drama generoko gidoirik onenarena, «LGTBQ+ aniztasuna» hobekien azaltzen duen lanaren saria, eta Miguel Bernadeau aktorea ere saritu dute. Alauda Ruiz de Azua zinemagilea (Barakaldo, Bizkaia, 1978) da telesailaren zuzendaria, eta hark zuzendutako Los Domingos filma bihar estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Aranburuk moja baten rola jokatzen du pelikula horretan.

Nagore Aranburu 'Querer' telesailean
Nagore Aranburu aktorea, 'Querer' telesailean. MOVISTAR PLUS

Aranburuk beste sari batzuk ere eskuratu ditu Querer telesailean egindako lanagatik: Forque saria eta Feroz saria. Telesaila Lilleko (Frantzia) Series Mania jaialdian ere saritu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.