EITB Nahieran-en tokia hartuko du ETB On plataforma berriak

Abenduaren erdialdean aurkeztuko dute plataforma berria. EITBren zuzeneko guztiak emango dituzte bertan. Ekitaldi «garrantzitsu eta bereziak» ere ikusi ahalko dira.

ETB ON plataforma berria. EITB
ETB ON plataforma berria. EITB
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 8a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte asko joan dira Euskal Irrati Telebistak EITB Nahieran Interneteko zerbitzua martxan jarri zuenetik. Hain zuzen ere, 2011. urteko ekainean aurkeztu zuten EITB Nahieran, taldeko zuzendari nagusia Alberto Surio zen garaian. Denborarekin, zaharkituta gelditu zen ataria. Berrituz joan ziren, eta 2021eko otsailean EITB Nahieran aplikazioa estreinatu zuten. Beste alde batetik, talde publikoa plataforma berriak sortuz joan da azkeneko bi urteetan. Beste plataforma bat iritsiko da egun gutxi barru: ETB On. Horrek EITB Nahieran zerbitzuaren tokia beteko du.

«Teknologia berri bat, zuzenekoen eskaintzarik handiena eta EITB taldearen eduki onenak bilduko ditu ETB On plataformak», iragarri du EITBk. «EITB Nahieran plataforma birformulatu nahi izan du taldeak, ETB On etorkizuneko telebista digitala bilaka dadin».

Plataforma berriaren eskaintzaren barruan, ETBren historiako edukiak —fikzioak eta saioak— eta Euskal Herriko edukirik «onenak» izango ditu: kultura, dokumentalak, bildumak... «Aukeraketa bat».

Zuzeneko emanaldiak izango dira ETB On zerbitzuaren «apustu nagusietakoa». EITBren zuzeneko guztiak ez ezik, Euskal Herriko ekitaldi sozial «garrantzitsu eta berezienak» ikusteko aukera ere izango da.

Era berean, ETB On plataforma berriak kirol eskaintza indartuko du, «asteburuko kirol emankizunen askotariko leihoez osatutako pantaila batean». Iragarri dutenez, maila profesionalez aparteko Euskal Herriko kirol guztiek beren leihoa izango dute plataforma berrian.

Kalitatezko entretenimendua eta aktualitatea izango dira Interneteko zerbitzuko osagai nagusietako batzuk.

Aurrerantzean, halaber, EITBko irratiak eta irratietako eduki guztiak Guau audio plataforman topatu ahalko dira.

Gailu eramangarrietan, EITB Nahieran aplikazioa duten erabiltzaileek ikusiko dute nola ETB On izateko eguneratuko den. Halaber, Google Play eta App Store dendetan eskura egongo da ETB ON.

Ikus-entzunezko beste hiru plataforma ditu EITBk: Primeran —2023ko irailean aurkeztu zuten—; Makusi —2024ko apirilean jarri zuten martxan—; eta Orain —2025eko ekainean aurkeztu zuten—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.