EITBk eta beste hedabide batzuek Martxoaren 3aren inguruko saio bereziak egingo dituzte

1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak bost langile hil eta 150 zauritu zituen. Komunikabideek arreta berezia jarri diote efemerideari, eta Gasteizen egingo dituzten ekitaldien berri emango dute.

1976ko martxoaren 3ko gertakariak, Gasteizen. LUIS ZIARRUSTA
1976ko martxoaren 3ko gertakariak, Gasteizen. LUIS ZIARRUSTA
urtzi urkizu
2026ko martxoaren 2a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Benetako terrorismoa izan zen hura, estatu terrorismoa. Zer da bost pertsona hil eta ehundik gora zauritzea, terrorismoa ez bada?». Santi Diaz de Espadaren hitzak dira. Martxoaren 3ko gertakarien lekukoa da, eta BERRIArentzat eman du testigantza. Igandean zortzi orrialde eskaini zizkion egunkariak 1976ko Martxoaren 3ko sarraskiari, eta bideo dokumental bat ere ondu du lau lekukoren hitzekin. Diaz de Espadarekin batera, Pilar Barrera, Santi Duran eta Estibaliz Ferreira mintzatu dira BERRIAko kazetariekin.

Martxoaren 3ko lekukoen bideoa, osorik. BERRIA

Martxoaren 3an bertan, BERRIAk, EITBk eta Euskal Herriko beste hainbat hedabidek arreta jarriko diote efemerideari, eta askotariko emankizunak egingo dituzte.

Euskadi Irratiko Faktoria albistegia San Frantzisko eliza aldamenetik aurkeztuko du bihar goizean Iñaki Guridik. Saio horretan bertan, solasaldia egingo dute Santi Diaz de Espada lekukoarekin eta Koldo Mitxelena institutuko hiru ikaslerekin. Tomas Etxaberen lekukotza jasoko dute —Forjas Alavesas enpresako langileen ordezkaria izan zen—, eta Julen Diaz de Argote Martxoak 3 elkarteko ordezkariarekin ere hitz egingo dute.

ETB1eko Egun on saioaren parte handi bat Arabako hiriburuan egingo dute bihar goizean. ETB1eko Gaur egun eta ETB2ko Teleberri albistegietan, bestalde, erreportaje bereziak landu dituzte egunotan, gertaera lazgarri haiek gogoratzeko. Bihar gauean erreportajeen bilduma osorik ikusi ahalko da bi kateetan.

Irratsaio bereziak Gasteiztik

Radio Vitoriak entzunezko dokumental bat estreinatu zuen duela egun batzuk: Vitoria, 3 de Marzo. Memoria contra el olvido (Gasteiz, Martxoak 3. Memoriaren indarra). Guau audio plataforman ere entzun daitezke atalak; urteurrenaren egunean emango dute azkena. Radio Vitoriak programazio berezia prestatu du martxoaren 3rako: goizean, San Frantzisko elizaren inguruan egingo dituzte irratsaioak, eta, arratsaldean, berriz, hirian barrena antolatu dituzten ekitaldien berri eman.

Radio Euskadik Martxoaren 3an funtsezkoak izan ziren hainbat gune bisitatuko ditu unitate ibiltariarekin: gobernu zibilaren egoitza, Forjas Alavesas enpresa, katedrala eta Zaramagako eliza. Gune horietan, hainbat protagonistarekin elkartuko dira: Andoni Txasko eta Santiago Duran langile ohiak, Mertxe Gutierrez Zaramagako bizilaguna eta Eloi Beato zinemagilea.

Arabako Alea-k, bestalde, erreportaje bat argitaratu du Martxoak 3ko biktimen omenez eraiki zen monolitoa egiten aritu ziren langileetako batzuekin. Gai horren bueltako beste artikulu batzuk ere idatzi dituzte euskal hedabide horretako kazetariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.