Abuztuaren 12an gertaera astronomiko garrantzitsu bat izango da: eguzki eklipse bat. Eklipsea osoa izango da Euskal Herriko hego-mendebaldean, eta hedabide askoren arreta bereganatuko du datozen asteetan. Zientziaren ikuspegitik, Elhuyar eduki sorta berezia ari da prestatzen: Elhuyar Zientzia hedabide digitalean, banda monografiko bat sareratu dute. Bertan, audio pilulak, testuak, ikus-entzunezkoak eta askotariko edukiak daude herritar guztien eskura.
Elhuyar aldizkariaren papereko ekaineko zenbakian, halaber, eguzki eklipsearen inguruko monografiko bat ondu dute. Erreportajeen bidez, eguzki eklipseen alde zientifikoaren berri eman dute. Eta bizidunengan duen eragina ere aztertu dute. Harpidedun berriek, bestalde, eklipsea ikusteko betaurreko berezi batzuk jasoko dituzte.
Ekainaren 20ko asteburuan, ETBko Teknopolis saioaren denboraldia amaituko dute, eta azken atala eklipseari eskainiko diote. Bat-batean iluntzeak agerian utz ditzakeen sekretu kosmikoez hitz egingo dute.
Ekainaren 26an, berriz, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrila irratsaioaren denboraldia amaituko da. Abuztuan izango den eguzki eklipseaz hitz egingo dute, eta fenomenoa zientziaren ikuspegitik ere aztertuko dute.
Aipatutako hori guztia gutxi balitz bezala, Elhuyarrek gazteentzako tailerrak eta helduentzako hitzaldiak prestatu ditu datozen asteetarako, fenomenoak gizartean sortzen duen interesari erantzuteko.