Errumaniako Pro TV telebista taldeko programazio zuzendari berria

Unai Iparragirre: «Errumania da Europan telebista gehien ikusten den herria, eta han telebista garapen prozesuan dago oraindik»

Iparragirrek Mediaset España taldeko antena zuzendari izateari utzi zion uztailean. Konfiantzazko jendeak ondo hitz egin dio Pro TV telebistaren lan egiteko moduaz, eta «ilusioz beteta» doa Bukarestera lanera.

Unai Iparragirre, 2021eko argazki batean. EITB
Unai Iparragirre, 2021eko argazki batean. EITB
urtzi urkizu
2026ko irailaren 25a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telebista arloan askotariko lanak egokitu izan zaizkio Unai Iparragirreri (Arrasate, Gipuzkoa, 1973). Ardura ugari ere bete ditu: Discovery taldean, ETBko zuzendari gisa—2021eko apiriletik 2025eko abendura— eta Mediaset España taldeko antena zuzendari gisa. Etapa berri bat hasiko du datorren ostegunetik aurrera, Errumanian.

Zer lan betetzera zoaz Bukarestera?

CME izeneko ikus-entzunezko taldera noa. Talde horrek 47 telebista kate eta ikus-entzunezko hainbat negozio ditu Europako erdialdean eta ekialdean [Bulgariako, Kroaziako, Txekiar Errepublikako, Moldaviako, Eslovakiako, Esloveniako eta Errumaniako konpainiak daude talde berean], eta ni Errumaniako Pro TV talde pribatuko bost kateen programazioaren arduraduna izango naiz. Haien streaming plataformaz ere arduratuko naiz: Voyo.

Pro TV taldeko kate nagusia liderra da Errumanian. Zer ikusle datu ditu?

Merkatuko liderra da, bai: %26ko ikusle kuota du. Bigarren postuan Antena1 dago, eta horrek %16ko kuota du. 

Zerk bultzatu zaitu Mediaset (Tele5) utzi eta beste herrialde batera joatera?

Alde batetik, Mediaseten gauzak ez ziren nik nahi bezala atera. Beste alde batetik, CME talde garrantzitsuena da Europako erdialdean. Hortaz, Pro TVk nazioarteko talde handi baten babesa du. Lan berri honek Discovery taldean aritu nintzeneko garaira eramango nau; hau da, nahiz eta herrialde jakin batean lan egin, nazioarteko talde handi batean ariko naiz. 

Nolako edukiak gailentzen dira Pro TVn?

Programazioaren parte handi bat nazioarteko formatu handien egokitzapenak dira: Masterchef, Survivor, Traitors... Halakoekin lan egin izan dut. Eskaintza eskuzabala egin zidaten, eta, azkenean, baiezkoa eman nuen.  

«Pro TVk publizitate sarreren %55 eramaten du Errumanian. Herrialde oso erakargarria da nire lanbiderako, telebista garapen prozesuan baitago, beste herrialde batzuetan ez bezala»

Ezagutzen zenuen bertako errealitatea, beraz.

Londresen Discoveryn lanean ari nintzenean, sarri tokatzen zitzaidan Bukarestera joatea hango taldearekin lan egitera. Ikaragarri gustatzen zait Bukarest. Zure galderari erantzunez, Errumaniak sekulako dirutza mugitzen du telebistan eta ikus-entzunezkoetan. Telebistak indar handia du, eta ikus-entzule datuei begiratuz gero, Errumania da telebista gehien ikusten den herria. Leku askotan telebista tradizionala beherantz doa, baina Errumanian beherakada hori ez da Europako beste herrialde batzuetan bezain handia. Gainera, Pro TVk publizitate sarreren %55 eramaten du Errumanian. Herrialde oso erakargarria da nire lanbiderako, telebista garapen prozesuan baitago, beste herrialde batzuetan ez bezala. Discoveryn Turkiako kateen buru izatea eskaini zidatenean izandako sentsazio hura gogorarazi dit.

Zer sentsazio da hori?

Telebista konbentzionala oraindik garapenean dagoen herrialde batera joatekoa. Oso erakargarria da erronka berri hau, eta lanean hasteko irrikan nago.

Pro TVren streaming plataformaren garapenaz arduratuko zara. EITBko Primeran plataformaren sorrera bizi izan zenuen; badaramazu esperientzia hori hara?

Bai, hori izango da nire betebehar garrantzitsuenetako bat: taldeko telebista linealaren eta streaming plataformaren sinergiak lortzea, eta eduki estrategiak eraikitzea.

Nola doa Voyo plataforma?

Netflix da plataforma liderra Errumanian, baina Voyo gertu dago harpidedunen kopuruari dagokionez.

CME taldeko beste telebistek nolako indarra dute beren herrialdeetan?

Lehen postuan daude batzuk. Eta liderrak ez direnak bigarren postuan daude.

ETBko zuzendari aritu zinen 2021etik 2025eko abendura. Penaz utzi zenuen?

Bai, eta Mediaset utzi dudanean izan ez dudan sentsazio bat izan nuen ETB uztean. Discovery utzi nuen, ama gaixotu zenean haren ondoan egon nahi nuelako. Orduan izan nuen ETBko zuzendari izateko aukera. Baina ETBn egindako lanarekin harro eta pozik nago. Nire bizitza profesionalaren parterik handiena atzerrian egin dudan arren, euskalduna naiz, eta Euskal Herria izango da nire herria. EITBn lagun asko egin nituen, eta haiekin harreman estua dut gaur egun.

Londresera itzultzea ere pasatuko zitzaizun burutik.

Bai, asmoa nuen, baina Erresuma Batuan telebistaren mundua nolabaiteko krisian dago.

ETBko etapan gelditu al zitzaizun ametsen bat bete gabe?

Ikaragarri sufritu nuen Naufragoak saioarekin. Askotan entzuten nuen zergatik ez zegoen euskaraz Conquis bat. Sekulako ahalegina egin genuen aurrekontu aldetik, eta ekoiztetxearen partetik ere bai, Naufragoak ekoizteko, eta ez zen ondo atera. Arantzatxo bat dut horren harira: euskarazko reality arrakastatsu bat egin ez izana. Baina balantzea ona da, edonola ere. Gauza batzuetan hanka sartu genuen, eta gauza batzuk ez genituen ondo egin. Baina maitasun handiz gogoratzen dut ETBko etapa.

«ETBko 'Euskal Herria Hegan' saioaren moduko bat Errumanian egiteak zentzu osoa izango luke»

Mediaset zure kabuz utzi zenuen, nahiz eta beste gauza batzuk eman izan diren aditzera. Zein izan da arrazoi nagusia Mediaset uzteko?

Alde batetik, hasieran esan zidaten baino botere gutxiago izan nuen erabakiak hartzeko. Beste alde batetik, ez nengoen ados Mediaseten kateen norabide editorialarekin eta erabaki estrategikoekin. Hilabeteek aurrera egin ahala, motibazioa galdu nuen; motibazio hori funtsezkoa da halako ardura lanetan, eta nire taldea motibatzeko ere ez nintzen gai. Bi eskaintza jaso nituen, eta orduan handik joatea erabaki nuen.

Errumaniako telebistan eta CMEn ezagutzen zenuen norbait aldez aurretik?

Bai, gutxi batzuk ezagutzen nituen. Bestetik, Pro TVko zuzendari nagusi berria Christian Anting da: erdi kanariarra, erdi alemaniarra. Talde berean hainbat esparru eta kulturatako jendea dago, eta hori izan daiteke arrakastaren gakoetako bat. CME talde handiko zuzendari nagusia, bestetik, Sam Barnett da, Erresuma Batuko aditu garrantzitsu bat. Gainera, Pro TVk errumanieraz emititzen duen arren, barneko lan hizkuntza ingelesa da. CMEn lan egindako jendeak esanda, badakit nire lan egiteko moduarekin bat egiten duela Pro TVk, Discoveryko lan moldearekin bat egiten duela.   

Euskarazko zer formatu edo saio erosiko zenuke Errumanian ekoizteko?

Euskal Herria Hegan. Bukarestera joan nintzen lehen aldian harrituta gelditu nintzen zenbat berdegune dauden; parkez josita dago. Errumanian itsasoa dute, mendia dute, badituzte antzekotasunak gure herriarekin. Sekulako flora eta fauna daukate. Haien aberriarekiko maitasun handia ere badute, eta, hortaz, ETBko Euskal Herria Hegan saioaren moduko bat Errumanian egiteak zentzu osoa izango luke.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA