ETB On plataformaren kontsumoaren erdia baino gehiago 'Conquis'-ena da

Plataforma digitalean ikusi diren 5,6 milioi orduetatik hiru baino gehiago gaztelaniazko 'reality' saioarenak dira. Zerbitzuaren lehen hilabeteetan, erabiltzaile erregistratuek 800.000 ordu ikusi dituzte euskaraz.

22. 'Conquis'-en finalaren irudi bat. ETB
22. 'Conquis'-en finalaren irudi bat. ETB
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarazko edukiak gailentzen dira EITBren Primeran eta Makusi plataformetan. ETB On plataformaren egoera, aldiz, diglosikoa da. Iazko abenduaren 16an jarri zuen martxan talde publikoak ETB On. Orduko hartan, EITBko arduradunek esan zutenez, teknologia berria ardatz hartuta, EITB Nahieran zerbitzua «birformulatu eta etorkizunera begira jarriz, erabiltzaileei esperientziarik onena» eskaintzeko asmoz ekin zioten proiektuari. Gaikako lau kanal abiarazi zituzten: gastronomia saioei eskainitakoa, Vaya semanita, Herri txiki infernu handi eta El Conquistador. Azken horrek bereganatzen du plataformaren kontsumo tarterik handiena. Alde handiz, gainera.

Zerbitzu digitala martxan jarri eta lehen hilabeteetan, erabiltzaile erregistratuek 5,6 milioi orduz ikusi dituzte saioak ETB On plataforman. Horietatik hiru milioi baino gehiago ETB2 kateko El conquistador del fin del mundo gaztelaniazko reality show-ari dagozkio —ordu guztien %53,6—. Hizkuntzaren bereizketa eginez gero, erabiltzaileek 4,8 milioi ordu pasatu dituzte gaztelaniazko saioak ikusten, eta 800.000 euskarazkoei begira. Euskarazko lanen kontsumoa, hortaz, %16,7koa da gutxi gorabehera EITBren doako plataforma horretan.

EITBren datuen arabera, 317.000 herritarrek baino gehiagok ikusi dute Conquis-en atalen bat Interneten. Azken denboraldian, 22. aldian, 60.000 erabiltzailek jo zuten astero ETB On plataformara, astez aste zegokion atala ikusteko. Finala 22.448 erabiltzailek ikusi zuten zuzenean ETB On plataforman.

Gazteak kateatzen ditu

Conquis-en ETB2 katearen telebista konbentzionaleko emankizunek ere datu oso altuak lortzen dituzte, nahiz eta azkeneko bi denboraldietan apur bat beherantz egin duten. Datu esanguratsuak dira ikus-entzule gazteenak: 22. denboraldian, 13-24 urte arteko gazteen artean reality show-ak %37ko ikusle kuota lortu du; 25-44 urteko herritarren artean, berriz, %35,4koa. Adin tarte horretako ikus-entzuleen artean %41,1eko kuota izan zuen finalak. Nafarroan ere oso datu ona lortu zuen 22. aldiko finalak: %30,1eko kuota.

EITBk iragarri duenez, 23. denboraldiko hautaprobak irailean egingo dituzte. Badira lau urte ETBn euskarazko reality-rik egiten ez dutela. 2022. urteko udazkenean Naufragoak eman zuten —Conquis-en ekoiztetxe berak egin zuen, Hostoilek—. Ikusle datu onik ez zuen lortu programa hark, eta ETBk erabaki zuen denboraldi gehiago ez egitea. Euskarazko bertsioak ez zituen gazteak kateatu.

Conquis-en bertsio bat eman zuen Espainiako RTVE talde publikoak 2023an. Euskal Autonomia Erkidegoan ikusle datu onak izan zituen. Ez, ordea, Espainian, eta ez zuen jarraipenik izan.

Argentinan bertsio berezi bat egin zuten, 2008an —Canal Trece kateak eman zuen—. Eta iazko urrian, Mexikoko eta AEBetako Televisa Univision kateak El Conquistador: Supervivencia Extrema estreinatu zuen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA