EITBk asteazkenean estreinatuko ditu ETB1en eta ETB2ren bertsio digitalak, martxoaren 18an: ETB1 On eta ETB2 On. Kanal berriek ETB3ren eta ETB4ren tokia hartuko dute hurrenez hurren, eta ikusleek ez dute aldaketarik egin beharko. Nafarroan, orain ETB3 ikusten den eremuetan ETB1 On ikusi ahal izango da.
EITBko zuzendaritzak zehaztu du lau kateetan aldi berean emitituko direla zenbait programa, besteak beste albistegiak eta gaurkotasunezko saioak; baina, era berean, ETB1 Onek eta ETB2 Onek programazio propioa ere izango dute. Lehenean, «euskarazko haur programazio zabala, eta euskal gizarte eta kulturarentzat erreferenteak diren ekitaldi eta zuzenekoak» emango dituzte, tartean Korrikaren zuzenekoa.
Euskarazko kanal digitalak Korrikaren zuzeneko seinalea emango du egunaren parte handi batean, goizean goizetik albistegira arte. Goizalde osoan emango du ETB1 Onek Korrikaren zuzeneko seinalea.Â
ETB2 Onek ere programazio berezitua izango du: «Herritarrek gustuen eta kontsumitzeko unearen arabera aukeratu ahal izango dute».Â
Modu horretan, apustu digitala indartu nahi du EITBk. «Helburua da ETBren erabateko presentzia bermatzea edukiak kontsumitzen diren lekuetan, kontsumo ohitura berrietara egokituta, beraz. Gauden tokian gaudela ikusi ahal izango ditugu ETB1 On eta ETB2 On, edozein gailu, pantaila edo plataformatatik».Â
EITBk ez du azalpen gehiagorik eman ETB3ren eta ETB4ren desagertzearen inguruan. Hain zuzen ere, joan den astean, Aldatu Gidoia taldeak salatu zuen ETB3 kate konbentzionala ixteko asmoa zuela EITB komunikazio taldeak.Â