ETB1ek %2,8ko ikusle kuota lortu du abuztuan, eta ETB2k, %8,8koa

Faltzesko entzierroek %24,8ko ikusle kuota lortu dute Nafarroan, eta %16,2koa EAEn.

Faltzesko entzierroak. ETB
Faltzesko entzierroak. ETB
urtzi urkizu
2026ko irailaren 1a
15:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirol emanaldiek, jaiek eta bestelako programa batzuek eraginda, ETB1 eta ETB2 kateek ikusle kuota handiak lortu dituzte abuztuan. ETB1 kateak %2,8ko ikusle kuota lortu du abuztuan EAEn. Kopuru handia da hori, aintzat hartuta urte osoaren batezbestekoa %2koa dela. ETB2k, berriz, %8,8ko ikusle kuota bereganatu du Euskal Autonomia Erkidegoan —gehien ikusitako kateetan bigarrena izan da, La1ren ondotik—.

ETB1 On kateak —martxoaren 18aren aurretik ETB3 zenak— %0,3ko ikusle kuota izan du, eta ETB2 On kateak —aurrez ETB4 zenak— %0,8koa.

ETB2 katean ikusle datu oso onak lortu dituzte Faltzes herriko (Nafarroa) entzierroek. ETB2 eta ETB2 On kateetan eman zituzten, abuztuaren 16tik 23ra bitartean, eta %16,2ko batez besteko kuota izan zuten EAEn; Nafarroan, are handiagoa izan zen ikusle kuota: %24,8koa. ETB2ko Teleberri albistegiak ere datu onak lortu ditu joan den hilean: %20,9ko kuota batez beste.

Aintzat hartu behar da, bestalde, abuztuan telebista konbentzionalak ez dituela herritarren kontsumo ordu asko bereganatu. Nafarroan, herritar bakoitzak egunean 106 minutu pasatu ditu telebista konbentzionaleko kateei begira. EAEko herritarrek 124 minutu pasatu dituzte zeregin horretan. Datuak askoz handiagoak ziren duela urte batzuk. Era berean, telebista aparatuaren beste erabilera batzuek pisu handiagoa hartu dute aisialdi orduetan. 

Ordainpeko telebista emanaldiei dagokienez, Bartzelonaren eta Athleticen arteko Espainiako Ligako futbol partidak izan ditu ikusle gehien, bai Hego Euskal Herrian, bai Espainian.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA