ETB1ek %2ko ikusle kuota izan du 2023an, 2022an baino bi hamarren gutxiago

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5 da 2023an gehien ikusi den katea. Hala ere, hilabete batzuetan aurretik izan ditu La1 edo Antena3.

Urtezaharreko kanpaiak ETBn, Gasteiztik zuzenean.
Urtezaharreko kanpaiak Gasteiztik eman zituen ETBk, ETB
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 2a
17:00
Entzun

ETB1ek beherantz egin du 2023an. Euskarazko kate publikoak bi hamarren galdu ditu: 2022an %2,2ko ikusle kuota izan zuen, eta %2koa lortu du 2023an. ETB2 kateak, berriz, aurreko urteko datu bera izan du: %8,6ko ikusle kuota.

Euskarazko kate publikoan, aurreko urteetako joera mantendu da. Kirol emanaldiek bildu dituzte daturik onenak, eta gainontzeko programek datu apalak dituzte. Azkeneko urteetan %2ko kuotaren bueltan dabil ETB1, eta ez da   askorik mugituko. Denboran atzera joz gero, 1997. urtean %7,5eko ikusle kuota izan zuen ETB1ek. Hurrengo urteetan, %4,4-6,7 artean ibili zen. Eta 2007tik 2009ra, %3tik gora mantendu zen. 2010ean, ordea, %2,2ra jaitsi zen, eta, orduz geroztik, kateak ez du gainditu datu hori. Aintzat hartu behar da askoz telebista gutxiago zeudela 2010a baino lehen; lurreko telebista digitalaren zabalkundearen eraginez, kateen pisua zatitu egin zen datuetan.

Inoizko daturik apalena 2020. urtean izan zuen euskarazko kateak: %1,8ko kuota. Koronabirusaren krisia heldu zen urte horretan, eta ETB1 zuzeneko pilota partidarik eman gabe gelditu zen hainbat hilabetez. 2020ko maiatzean izan zuen kuotarik txikiena: %1ekoa. Aurreko bi urteetan, berriz, %2,2ko kuota izan du. Beherakada txiki bat nabari da, beraz, bi urte horien batezbestekoarekin alderatuta.

ETB3 katea eskas dabil: 2023an, %0,2ko ikusle kuota izan du —2022an ere datu bera izan zuen—. ETB4 kateak, berriz, %0,8ko ikusle kuota izan du amaitu berri den urtean, 2022ko datu bera.

Nahiz eta ETB2 mantendu egin den urte osoko datuari begiratuz gero, gaztelaniazko katearen jaitsiera nabari da azkeneko hilabeteetan: %8tik behera egin ditu udazkeneko hilabeteak. Hilaren 15ean El conquistador del fin del mundo-ren 20. denboraldia hasiko da, eta, programa horri esker, gorantz egingo du katearen batezbesteko kuotak. ETB2ren beste indargune bat albistegiak dira: Teleberri-k %18,4ko ikusle kuota izan du 2023. urtean. Dena den, kateari urrun gelditu zaio 2021ean lortu zuen datua: urte hartan, %10,2ko batezbesteko kuota izan zuen, eta 1,6 puntu gutxiago izan du amaitu berri den urtean.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tele5 katea ikusi da gehien 2023. urtean. Soilik erkidego horretan eta Kanaria uharteetan da liderra Mediaset taldeko kate pribatua. Izan ere, Espainian Antena3 da nagusi, eta ia hiru puntu ateratzen dizkio Tele5ri. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tele5k bi hamarkada baino gehiago daramatza lidergoan. Baina 2023ko hilabete batzuetan galdu egin du postu hori, eta La1 edo Antena3 izan du aurretik. Urte osoko datuak aintzat hartuz gero, La1 bigarrena izan da, eta Antena3 hirugarrena. Gaur egun, Tele5k askoz gertuago ditu bi kate horiek, duela urte batzuk oso erraz nagusitzen baitzen Mediaseteko katea.

Katalunian, TV3 katalanezko kate publikoa ikusten da gehien (%14). Galizian, Antena3 da liderra, eta galegozko TVG katea bigarrena. Hain zuzen ere, galegozko kate publikoak azken 11 urteetako daturik onena bereganatu du 2023an: %11ko ikusle kuota.

Kanpaiek %7,5eko kuota ETB1en

Euskal Telebistak Gasteiztik eman zituen zuzenean urtezaharreko kanpaiak: ETB1eko emankizunak %7,5eko ikusle kuota lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ETB2koak, berriz, %14,6koa. Iaz, euskarazko katearen emanaldiak %4,7ko kuota izan zuen. Gainera, euskaraz dakiten herritarren %28k ikusi zituzten kanpaiak ETBko bi kateetako batean. 353.000 herritarrek egin zuten bat Gasteizko Plaza Berriko zuzeneko emankizunarekin.

Kanpaien ostean, ETB1eko Biba 2024! ikuskizun programak %7,1eko ikusle kuota bereganatu zuen —euskaldunen artean, %14koa—. Jarraian, Puro Relajo taldeko mariatxiak iritsi ziren: %8,2ko ikusle kuota lortu zuen emanaldiak —146.000 lagunek ikusi zituzten rantxerak—.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren Urte Zaharreko mezuak %1,2ko ikusle kuota izan zuen euskarazko katean; gaztelaniazko katean, %15,9koa.

Urteberri egunean, ETB2k Eres tú. De Mocedades al Consorcio dokumentala estreinatu zuen, eta datu paregabea bereganatu: %15eko ikusle kuota (272.000 ikus-entzule)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.