ETB1ek %2ko ikusle kuota izan du 2025ean; ETB3k, %0,2koa

La1 izan da Hego Euskal Herrian gehien ikusi den katea. 350.000 herritarrek bat egin zuten ETBren Urtezaharreko kanpaien emanaldiarekin.

Urtezaharreko kanpaiak ETB1en. ETB
Urtezaharreko kanpaiak ETB1en. ETB
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 2a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2025. urtean, herritar askok albo batera utzi dute telebista konbentzionaleko emankizunak ohiko moduan ikustea. Gero eta gehiago dira ohiko kate jeneralistak Internet bidez ikusten dituztenak. Edo telebista edukiak plataformen bidez ikusten dituztenak —kasurako, EITBk bost plataforma aurkeztu ditu bi urteko epean—. Telebista tradizionalaren edo konbentzionalaren datuek, hala ere, pisua dute oraindik sektorean. Kantar Media enpresak egindako neurketen arabera, 2025. urtean ETB1 kateak %2ko ikusle kuota izan du EAEn —2024an baino hamarren bat gutxiago—.

ETB2 kateak %8,5eko ikusle kuota lortu du Euskal Autonomia Erkidegoan; ETB3k, %0,2koa —aurreko urtean baino hamarren bat gehiago—; eta ETB4k, %1ekoa.

Hego Euskal Herrian, La1 izan da 2025ean gehien ikusi den katea; Nafarroan, Antena3 gelditu da bigarren tokian, eta Tele5 hirugarrenean; EAEn, berriz, Tele5 gelditu da bigarren tokian, eta Antena3 izan da hirugarrena.

Gabon zaharreko datuak

Urtezaharreko kanpaien emankizuna Gasteiztik egin zuten ETB1 eta ETB2 kateek. Bi kateetako datuak batuz, 350.000 herritarrek egin zuten bat uneren batean ETBren emanaldiarekin. Ondotik, ETB1eko Biba 2026 gala bereziak %14,2ko kuota lortu zuen EAEko euskaldunen artean.

EITBk emandako datuen arabera, bestalde, egunero 640.000 herritarrek ikusten dituzte ETBko kateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.