Duela bi hamarkada, saskibaloi partiden zuzeneko emankizunek tarte zabala bete ohi zuten ETB1eko programazioan. Espainiako ACB ligako eta Europako txapelketetako partida ugari eman ohi zituen euskarazko kateak. Azkeneko 11 urteetan, ordea, ACB ligako partidarik emateko eskubiderik ez du izan EITB taldeak, eta Euskal Herriko saskibaloi zaleek ordainpeko kateetara edo beste bide batzuetara jo behar izan dute euskal taldeen lehiak ikusteko. Aspaldiko partez, baina, ACB ligak eta hainbat kate autonomikok hitzarmena sinatu dute, telebista horietan partidak eman ditzaten.
Igande eguerdietako lehiak emango ditu ETBk, zuzenean. Oraingoz, Baskoniaren eta Bilbo Basketen hamar partida emateko akordioa itxi dute. Horietatik aurrenekoa urriaren 4an izango da, ACB ligako bigarren jardunaldian. Goiz horretan, Bilbo Basketek Galizian jokatuko du, Leyma Coruñaren kantxan. ETB1 katean zein kirolakeitb.eus doako atari digitalean emango dute partida. Bilbo Basketen eta Baskoniaren arteko lehen derbia azaroaren 22an jokatuko dute Bizkaiko hiriburuan, eta hori ere Euskal Telebistan ikusteko aukera izango da. Akordioa denboraldi honetarako eta hurrengorako da, oraingoz. Denboraldi honetako azken lehia, aldaketarik ezean, apirilaren 18an emango dute: Girona-Baskonia.
Galiziako TVG telebista publikoak ere aspaldiko partez ACB ligako partidak emango ditu. Galiziako hiru talde daude, gainera, lehen mailan: Leyma Coruña, Monbus Obradoiro eta Rio Breogan. Eta iragarri dutenez, astero izango dute aukera galegozko telebista publikoan saskibaloi partidak ikusteko —baita AGalega plataforma digitalean ere—. Hilaren 27an hasiko dira partidak ematen, lehen jardunalditik bertatik.
Aragon TV kate autonomikoak (Espainia) Casademont Zaragoza taldearen partidak emango ditu denboraldi honetan —Aragon Play plataforman ere ikusi ahalko dira—.
Kataluniako TV3 katean eta 3Cat plataforman ez dute halako etenik izan, eta azkeneko denboraldietan Espainiako gizonezkoen saskibaloi ligako partidak eman izan dituzte igande eguerdietan.
Â