ETBk bere kanal guztietan estreinatuko du 'Euskal Herria hegan' saioa, igandean

'Gipuzkoa: Zeruaren eta itsasoaren artean' izenburua du lehen atalak, eta euskaraz emango dute lau kateetan, 22:15ean hasita.

'Euskal Herria hegan' saioa aurkeztu dute gaur, Bilbon. ETB
'Euskal Herria hegan' saioa aurkeztu dute gaur, Bilbon. ETB
urtzi urkizu
2025eko azaroaren 20a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Telebistaren «denboraldiko apustua» da, eta, beraz, talde publikoak erabaki du estreinaldia modu oso berezian egitea. Igande honetan estreinatuko dute Euskal Herria hegan dokumental saioa, eta emankizuna ETBko lau kateetan egingo dute. ETB1en, ETB2n, ETB3n eta ETB4n, baita ETB Basque-n eta eitb.eus webgunean ere. Euskaraz emango dute Gipuzkoa: Zeruaren eta itsasoaren artean atala, 22:15ean hasita. ETBk sekula ez du estreinaldi bat lau kateetan aldi berean egin. 

Gipuzkoako kostaldeko paisaiarik ikusgarrienak zeharkatuko dituzte dokumentalaren lehen atalean; isilpean gordetako istorioak ezagutarazteaz gain, geologiaren altxorrak bistaratuko dituzte, eta kondaira ahaztuak berreskuratu. Atalak 50 minutu iraungo du.

Bilbon aurkeztu dute programa, gaur. ETBko arduradunek nabarmendu dutenez, «mimo eta ilusio handiz» prestatu dute Euskal Herria hegan proiektua. «Zentzumenentzako bidaia ikusgarria eskainiko digu saioak. Edertasun handiko naturagune eta eraikin ikusgarrietara egingo dituzten bisitetan, lekuan lekuko tradizio, mito eta kondairetan murgilduko dira ikusleak». Horretarako, programaren funtsezko osagaiak musika eta narrazioa izango dira.

Miren Gaztañaga aktoreak jarriko dio ahotsa kontakizunari. Musikari dagokionez, Fernando Velazquez musikariak sortu du soinu banda, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak interpretatu. Atal bakoitzean, gainera, euskal kantarien emanaldiak izango dira ikusgai. Musikari hauek parte hartuko dute saio berrian: Olatz Salvador, Tom Lizarazu, Huntza, Izaro, Janus Lester, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Maren, Xabi Solano, Amak, Neomak, Kalakan, Anne Etxegoien, Urtz, Sorotan Bele eta Celtas Cortos.

ETBren Euskal Herria Hegan saioa
ETBren 'Euskal Herria Hegan' saioa. Gipuzkoan murgilduko dira lehen atalean. ETB

Bestalde, programako lantaldean hainbat esparrutako kolaboratzaileak izan dituzte: Toti Martinez de Lezea idazleak eta Juanma Gonzalez Cembellin historialariak parte hartu dute gidoia osatzeko lanean, eta Santi Yaniz argazkilariaren laguntza ere izan dute  naturako irudiak filmatzeko eta tratatzeko lanean.

Datozen asteetan, ETB1en

Lore Perez de Albeniz da programaren zuzendaria. «Irudi aldetik, Euskal Herria zerutik ikusteko aukera emango du saioak. Irudi ikusgarriak grabatu ditugu». Horrek guztiak lan handia eskatu diela aitortu du, baina espero du merezi izatea. «Bi drone mota erabili ditugu: bat zeruko irudiak hartzeko da, egonkorragoa; eta bestea FPV motako drone bat da, eta abiadura handia hartzen du. Azken horrek, gainera, aukera ematen du eraikinetan sartzeko». Irudietan, hortaz, jendea ere agertuko da. 

Eduki aldetik, Perez de Albenizek nabarmendu du saioan Euskal Herriko historiaz hitz egiten dela, eraikinen eta natura eremuen bueltan. «Baina ez dugu hatxe larriz idazten den historia bakarrik kontatzen. Gure asmoa izan da herritarren historia ere kontatzea: kondairak, pasadizoak, mitologiako kontuak... Eta, batez ere, herritarrei protagonismoa ematea. Funtsean, hatxe larriz idatzitako historia horren barruan sartzen ez direnen ingurukoak ere kontatzea: emakumeen istorioak, herritar xeheenak». Saioko zuzendariari iruditzen zaio ikus-entzuleak identifikatuta sentituko direla. «Ikusleek ezagutzen ez dituzten txoko asko deskubrituko dituzte. Txoko horien edertasunaz gozatuko dute. Eta, bestetik, istorio ezagunak eta ezezagunak entzungo dituzte, gure kulturaren parte diren istorioak». Bereziki nabarmendu dute hori.

Martinez de Lezea aholkulari lanetan aritu da kondairen, mitologiaren eta emakumeen istorioen bueltan. Eta historiako beste kontu batzuetan, Gonzalez Cembellin izan dute aholkulari. 

Lehen denboraldiak bederatzi atal izango ditu. Zuzendariak iragarri du atal batzuetan gehiago murgilduko direla herrietan eta hirietan, eta, beste batzuetan, gehiago natura eremuetan.

Unai Iparragirre ETBko zuzendariak nabarmendu du saioa «ETB1 katekoa» dela. Hala, igande honetako estreinaldi bereziaren ostean, hurrengo zortzi igande gauetan ETB1 kateak emango du —webgunean ere ikusi ahalko da—. Gaztelaniara bikoiztutako bertsioa ere egiten ari dira, baina hori 2026. urteko bigarren erdian estreinatuko dute, ETB2 katean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.