ETBko kate guztiek 'Bizi natura' estreinatuko dute igande gauean

Hemezortzi kamerak Urdaibaiko fauna eta flora erakutsiko dute, zuzenean. Astegunetan, Xabier Sukiak aurkeztuko du saioa ETB1en, 13:30ean; ETB2n, berriz, Africa Baetak, 19:30ean.

ETBren 'Bizi natura' saio berriko lantaldea. ETB
ETBren 'Bizi natura' saio berriko lantaldea. ETB
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 29a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erresuma Batuko BBCn telebista formatu ikusgarri bat estreinatuko du igandean ETBk: Bizi natura. «Euskal Herriko naturaren eztanda telebistan eta gertatu ahala bizitzeko aukera emango duen esperientzia berria». BBCren Springwatch formatu entzutetsuaren egokitzapena da, eta Urdaibairen (Bizkaia) bihotzerako bidaia ikusgarria proposatuko du. Dibulgazioa, emozioa eta sekulako baliabide teknikoak uztartuko ditu saio berriak, begi hutsez ikusten zailak diren animalien portaerak erakusteko. Hemezortzi kamera erabiliko dituzte horretarako. «Hemezortzi begirada gure naturara, zuzenean deskubritzeko basabizitzak aurrera egiten duenean zer gertatzen den», iragarri du Euskal Telebistak.

Gaueko ordutegi nagusian estreinatuko du ETBk saio berria: 22:20an, ETBren kanal guztietan (ETB1, ETB2, ETB1 On eta ETB2 On) eta ETB On plataforman egingo dute estreinaldia. Ondoren, eguneroko saioak emango dituzte astelehenetik ostiralera: ETB1en, Xabier Sukiak aurkeztuta, 13:30ean; eta ETB2n, Africa Baetak gidatuta, 19:30ean. Bi programak zuzenean emango dituzte, Urdaibaiko erreserbatik bertatik. Gainera, egunean hamabi orduko zuzeneko seinalea eskainiko du ETB On Interneteko doako plataformak, 10:00etatik 22:00etara. Bizi natura-ren tarterik onenekin batera, erreportaje eta dokumental sorta bat ere aurkituko dute ikus-entzuleek hartan, gertutik gozatzeko irudi eta edukirik onenak. Eta, horrekin batera, ETB1eko eta ETB2ko emanaldiak, noiznahi eta nonahi ikusteko.

Bertako fauna, zuzenean

Padura, baso, ibai, duna eta hezeguneetako basabizitzari erreparatuko dio saioak, zuzen-zuzenean egin ere, toki estrategikoetan jarritako kameren bidez. Hala, bertako faunaren eguneroko jarduna behatzeko aukera izango da: kumeak bazkatzen eta zaintzen ikusi ahal izango dira animaliak, baita joan-etorriak egiten ere, eta ikusgai izango dira elkarren arteko harremanak eta biziraupenari lotutako portaerak. Euskal Herriko naturaren konplexutasuna eramango du saioak ikus-entzuleen etxera, hurbilen diren ekosistemek nola funtzionatzen duten azaltzeko. Migrazioa, komunikazioa, elkarbizitza, egokitzapena eta biziraupena izango dira formatu handi horren gaietako batzuk.

Xabier Sukiak eta Africa Baetak aditu eta dibulgatzaileak izango dituzte bidelagun, tartean Edorta Unamuno eta Lexeia Larrañaga. Izan ere, formatu berriak behaketa, ezagutza zientifikoa eta publiko guztientzako kontakizun erakargarria uztartuko ditu. Proiektua adituek landu dute, animaliak eta haien habitata ahalik eta gehien zaintzeko asmoz. Hain zuzen ere, faunan eta floran espezialista den talde tekniko zabal bat aritu da programa prestatzeko lanean, ingurumenean ahalik eta inpakturik txikiena eragiteko.

BBCren Springwatch formatu arrakastatsua Erresuma Batutik kanpo ekoizten duten lehen aldia da; Brutal Media ekoiztetxea ariko da horretan (BBC Studios Global Productions estudioen parte da Brutal Media).

«Entretenimendua, emozioa eta ingurumenari lotutako kontzientzia uztartuko dituen telebistako esperientzia bat izango da hau», iragarri du Euskal Telebistak. «Gelditu, behatu eta Euskal Herriko naturaren aberastasuna barrutik deskubritzeko esperientzia. Izan ere, gure ingurunea ezagutzea da hura maitatzeko modurik egokiena; eta maitatzea, babesteko lehen urratsa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE