«Gehiegizko esposizioa ez zait gustatzen, eta nire aktore lanari ere ez dio mesederik egiten. Famatu deitzen didatenean, ez didate batere faborerik egiten». Nagore Aranburu aktorearen (Azpeitia, Gipuzkoa, 1976) hitzak dira. Donostiako Crossover jaialdian parte hartu zuen atzo Aranburuk, Fariba Sheikhan aktorearekin batera, Gaizka Izagirre ikus-entzunezkoen kritikariak eta BERRIAko kolaboratzaileak gidatzen duen Klaketa podcastaren edizio berezian.
Aranburuk hasi zeneko garaiak gogoratu zituen, maitasunez: «Antzerkian hasi nintzen. Gero, telebistan gidoiak idazten hasi nintzen. Beharra eta ikasteko gogoa izan zen gidoilari hastearen arrazoia».
Garai bateko telesailetan dena «oso etxekoa» zela azaldu zuen Aranburuk. «Eskola bat zen, ikasteko aukera ere bai. Jaun eta jabe telesailean hasteko deitu ninduten, eta sukarrarekin hasi nintzen lehen egunean, Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta eta Joseba Apaolaza ezagutu nituenean». 1990eko hamarkada zen.
Nerea Garcia pertsonaiarena egin du Aranburuk Hondar ahoak eta Zeru ahoak telesailetan. «Nire pertsonaia kuttunenetakoa da. Oso Koldo Almandozen pertsonaia da, eta ondo pasatzen dut esentzia hori mantentzen. Ez dakigu pertsonaiak sentitzen duen ala ez, blokeo bat dauka, eta dibertigarria da hori egitea. Barre asko egin dugu telesail hori egiten».
Aktore bakoitzak bere metodoa duela azaldu zuen Aranburuk. «Gidoia hartu, eta pertsonaiak zer gatazka izango duen begiratzen dut. Nola sentitzen den, nondik datorren, eta ahal den benetakoen egiten saiatzen naiz».
Alauda Ruiz de Azuaren Querer telesailari buruz ere hitz egin zuen solasaldian. «Lau edo bost hautaproba egin nituen. Pertsonaiak karga handia zuen, eta arrisku handia zen». Pertsonaiak fikzioan 54 urte zituen, eta Aranburuk garai horretan, 47. «Ruiz de Azuak ikusezinak izaten diren pertsonaiak jartzen ditu fokupean. Hitzik ez duen jendea jartzen du aurrean. Los domingos filmean ere hala egiten du». Izagirrek galdetu dio ea nola bizi duen Querer telesailaren ostean eta sariekin izandako oihartzuna. «Ondo bizi dut. Gustura nago zabaldu diren ateekin. Baina benetan gustatzen zaidana aktore lana eta filmatzea da; ondoren datorren guztia egin behar da, baina ez dut hain gogoko». Donostiako azken Zinemaldian lau filmetan agertu zen aktorea. «Memeak ere egin zizkidaten, eta barre egin nuen».
Ikusle bezala, Diego San Joseren Yakarta telesaila aipatu zuen Aranburuk.
Sheikhan, telesail askotan
Fariba Sheikhan Uriarte aktoreak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1988) makina bat telesailetan lan egin du azkeneko urteetan. Goenkale-n aritu zen, 2010 eta 2011. urteetan. Eta azkenaldian nazioarteko ekoizpen handitan ere ari da; adibidez, Apple TVren Tehran telesailean. Donostian 11 urte bizi izan zen, eta egun Madrilen bizi da. «Nomada sentitzen naiz, eta lasaitasun handia ematen dit horrek. Ez naiz deseroso sentitzen ia inoiz, eta edozein ingurutan egokitzen naiz». Ama euskalduna eta aita Irangoa ditu. «Euskara amarekin eta persiera aitarekin ikasi nituen. Eta egokitzeko gaitasuna badut».
El secreto de Puente Viejo telesailean 270 ataletan egin zuen lan Sheikhanek, Madrilen. «Egunean 13-14 sekuentzia filmatzen genituen. Sekulako entrenamendua izan zen. Asko lagundu zidan lan horrek».
Plataforma handietako ekoizpen handietan «dena geldoagoa» dela aipatu zuen. «Ikusgarriagoa da, eta hori barneratu egiten da. Netflix plataformako Salvador telesailaren eszena batzuetan ere asko flipatu dut handitasun horrekin». Guy Ritchie zinemagilearekin lan egitea nolakoa den ere kontatu zuen aktoreak.
Duela egun gutxi, protagonista bat euskaraz antzezteko proposamena jaso du aktoreak. «Poz handia hartu dut horrekin».
Ikusle gisa, Sheikhanek aipatu zuen nahiago duela zinemara joatea telesaila ikustea baino. Sirat filmaren zalea dela aitortu zuen.
Guau plataforman entzun daiteke ekitaldia. Eta solasaldia Youtuben da ikusgai:
Solasaldi horren aurretik, jaialdiko Ikusle Gonbidatua euskarazko tartean, Aizpea Goenaga antzerkigile, aktore eta zinemagileak bere telesail kutunen inguruan hitz egin zuen Ylenia Benito aurkezlearekin. Kontatu zuen bere etxean Friends telesaila ikusi izan dela pilo bat. Bestetik, I love you Lucy, Derek eta After life gomendatu ditu. Zeru ahoak eta Querer asko gustatu zaizkiola ere aipatu zuen. Solasaldi hori ere Youtuben ikus daiteke:
Lehen egunari amaiera emateko, ikus-entzunezko gehiegizko esposizioaz aritu ziren Enric Albero eta Edorta Subijana. Eta azken horrek sortu duen Gainesposizioa erakusketa inauguratu zuten Santa Teresa komentuan.
Jaialdiko egitarau osoa Crossoverren webgunean kontsulta daiteke.