Euskarak Ipar Euskal Herrian dituen zailtasunak aztertuko dituzte gaur ETB1en

'Iparra dugu ipar' izenburuko atala emango dute 'Tribuaren berbak' saioan. Euskara sustatzeko ekinaldiak aipatuko dituzte.

Aitor Servier, Leire Casamajou eta Izaro Arruti 'Tribuaren berbak' saioan. ORIO PRODUKZIOAK
Aitor Servier, Leire Casamajou eta Izaro Arruti 'Tribuaren berbak' saioan. ORIO PRODUKZIOAK
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtarrilaren 7an, euskarak Nafarroan duen egoera aztertu zuten ETB1eko Tribuaren berbak saioan. Gaur, berriz, aztergai izango dute egoera zertan den Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta hainbat elkarrizketa egingo dituzte horretarako. «Ipar Euskal Herrian, agerikoa da frantses estatuaren mendeetako politika homogeneizatzaileek euskararen atzerakada eragin duela», diote Tribuaren berbak saioko Kike Amonarrizek eta Izaro Arrutik. «Baina, egoera zail horri aurre egiteko, herritarren ekimenari esker sortu diren euskara sustatzeko ekimenak ere ugariak izan dira azken hamarkadetan». Horietako batzuk ezagutaraziko dituzte gaur, Iparra dugu ipar izenburuko atalean. 

Eneko Gorrik zenbait gako emango ditu Iparraldean euskarak izan duen bilakaeraren inguruan. Euskararen ezagutza handitzen ari da gazteen artean, eta herritar gehienak euskara sustatzearen aldekoak dira. Hiztunen ehunekoak, edonola ere, beherantz egin du.

Joseba Erremundegi Euskal Elkargoko kontseilari eta Baionako hautetsiak, berriz, kontatuko du Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanak zertan diren. Eskaera berezia egin die Hego Euskal Herriko herritarrei: «Baionara edo Iparraldera etortzen direnean, egin dezatela euskaraz».

Hezkuntza sistemari ere begiratuko diote saioan. Amonarriz Itsasura (Lapurdi) joango da, eta han Amets Lahetjuzan Uda Leku elkarteko koordinatzailearekin eta Maialen Etxemendi Itsasuko hautetsiarekin elkartuko da. Herri horretan lortu dute ia haur guztiak murgiltze ereduan edo eredu elebidunean eskolatzea.

EHZren antolatzaileekin solasean

Zuberoak dituen berezitasunen inguruan mintzatuko dira Beñat Larrori Xiberoko Botza irratiko esatariarekin eta Margita Queheille diseinatzaile gaztearekin. Maskaradek eta pastoralek Zuberoan duten garrantzia ere izango dute hizpide.

Tribuaren berbak Baionan
Izaro Arruti, Itxaro Borda, Xan Idiart, Haira Aizpurua, Joanes Etxebeste eta Kike Amonarriz, Baionan. ORIO PRODUKZIOAK

Bestalde, EHZ Euskal Herria Zuzenean da Iparraldean egiten diren kultur ekitaldietan garrantzitsuenetako bat. Hortaz, EHZ jaialdiaren antolatzaile Aitor Servier eta Leire Casamajou —BERRIAko kazetaria ere bada— elkartuko ditu Izaro Arrutik, egitasmo horren inguruan hitz egiteko. Hain zuzen, EHZren helburu nagusietako bat da barnealdeko nekazaritza inguruko gazteak eta kostaldeko gazte hiritarrak harremanetan jartzea. Jaialdia euskaraz antolatzen dute, eta euskararen erabilera eta presentzia orokortu egin dira EHZn.

Amonarriz, berriz, hiru sortzailerekin elkartuko da Baionan: Xan Idiart idazlearekin, Haira Aizpurua bertsolariarekin eta Joanes Etxebeste aktore eta pailazoarekin. Elkarrizketaren amaieran, Itxaro Borda idazle eta BERRIAko zutabegilea batuko zaie. Nabarmenduko dute euskal kultura zabaltzen ari dela duela urte gutxi batzuk presentziarik ez zuen eremuetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.