Ez daude konforme ETBrekin

'Kultura eta ezkultura. 16 lekuko eskarmentuko' liburuan, hainbat sortzailek kritikak egin dizkiote Euskal Telebistari. Gogoratu dute Jaurlaritzaren Kultura Sailaren sosen erdiak EITBrentzat direla.

Dani Fano eta Amagoia Gurrutxaga 'Kultura eta ezkultura. 16 lekuko eskarmentuko' liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Dani Fano eta Amagoia Gurrutxaga 'Kultura eta ezkultura. 16 lekuko eskarmentuko' liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskal Herriko artisten %89,6k uste dute EITBk ez dituela ziurtatzen euskararen eta euskal kulturaren hedapena eta transmisioa». Amagoia Gurrutxaga Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzailearen hitzak dira. Nahikoa esanguratsuak. Kultura eta ezkultura. 16 lekuko eskarmentuko (Lanartea, 2025) liburuan jasota daude, eta, hartan, hainbat euskal sortzailek kritikak egin dizkiote Euskal Telebistari. Bestelako gogoeta eta hausnarketak badira liburuan, baina ETBrekin lotutakoak ere nabarmentzeko modukoak dira. Lurdes Iriondok kantatzen zuen Ez gaude konforme. Eta agerikoa da: sortzaile euskaldun gehienak ez daude konforme Euskal Telebistarekin.

Garai batean, Andoni Egaña bertsolariak hainbat lan egin zituen ETBko saioetarako, gidoilari bereziki. ETB1ren eta ETB2ren arteko dikotomia hizpide hartuta, salatu du euskaldunei «ziria» sartu zitzaiela: «Euskal Telebistarekin gertatu dena ere... Ni bertan aritu nintzenean, artean sinesten zen ETB euskarazkoa zela; bestea ETB2 zen ['e-te-be-dos' esanda]. Orain ETB2 da ['e-te-be-bi' esanda]. Ez dakit zer urtetan izan zen nomenklatura aldaketa. 1987-1988an izan daiteke. Ez ginen konturatu ze ziri sartu ziguten. Hasieran euskaraz bakarrik zenari, euskal herritar ez euskaldunen eskubideak ziurtatzeko, erdarazko katea erantsi zioten». Garrantzia euskarazkotik gaztelaniazkora pasatu zela iruditzen zaio Egañari: «Eta e-te-be-bat eta e-te-be-dos zirenean, argi zegoen tronkala zein zen: ETB1. Orain e-te-be-bat eta e-te-be-bi direnean, gehiago balio du erdarazkoak. Horrela sartzen dira ziriak, nomenklaturarik hasita».

Mikel Martinez antzerkigile eta aktoreak diru kontuak aipatu ditu, egoerari begiratzean: «EITBn ez dakit ze zailtasun presupuestario dauden, baina dirua badago. Jaurlaritzaren Kultura Sailaren sosen erdiak baino gehiago horra doaz, gutxienez. Ez dakit nahikoa den edo ez, baina kontua da, ba horixe, aktoreok, gidoilariok eta gainerakook horko produkzio propioetan lan egin beharko genukeela. Lehen askoz gehiago egiten zen ETBn, argi eta garbi, eta, gainera, egin ziren gauza onak, arrakasta handiarekin, baina orain ez dira egiten».

Dani Fano komikilariak, bestalde, gogorarazi du EITBk «merkatuaren legearen izenean» programatzen duela. «Eta ikusi besterik ez dago zer opa digun lege horrek euskaldunoi eta euskarazko kulturari».

Euskal kulturarentzako kuotak

Klara Badiola aktoreak EITBren sorreran zeuden helburuetara jo du. «Zergatik eta zertarako sortu zen Euskal Telebista? Funtzio sozial bat eman zion bere buruari, euskara eta euskarazko kultura ardatz, eta funtzio horren kontzientzia ez da ia inon ageri». Gogoratu du, kasurako, pandemia garaian euskarazko bi ekoizpen egin zituela ETBk, «eta iragarki handirik gabe emititu ondoren, zalapartarik gabe joan ziren». Halakoetan, ETBko arduradunek gauza bera esaten dute beti, aktorearen iritziz: «'Ez dute arrakasta handirik izan, eta ez dugu gehiago egingo', diote hurrena. Baina beren egitekoa ez da arrakasta ziurtatzea, egitea baizik, eta jendea egindakoa ikustera animatzea». Beste galdera zorrotz hau ere egin du aktoreak: «Belaunaldi gazteek telebistarik ez dutela ikusten esanez, euskarazko bikoizketan eta ekoizpen propioan ez duzula inbertituko azpimarratzea, erdarazkoan ekoizpen propioak eta bikoiztuak eskaintzen dituzun bitartean, zer da?». Egoeraren larritasuna nabarmendu du Badiolak: «Euskal Telebistarekin abiarazitako ia guztia desagertu egin da, eta adimen artifizialak salbatuko gaituela esaten digute».

Egañak, gaur egungo egoerari erreparatuta, argi du EITBn euskal kulturarentzako kuotak ezarri behar liratekeela. «Lehengoan gaude beti: lurzorua ez da zabalagoa lehen baino euskal sortzaileentzat; murritzagoa ere bada, agian. Eta ezinean dabilenak bere buruari begiratzen dio».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.