Zuriñe Hidalgo. ETBko 'Sorgintxulo' saioaren aurkezlea

«Garai bateko zenbakietara iristea zaila izango da»

4-12 urte arteko neska-mutilentzako 'Sorgintxulo' saioak atzo hasi zuen bidea. Astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 09:00etara ikusi ahalko da ETB1 katean.

urtzi urkizu
Bilbo
2015eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Hesian musika taldearekin, gaztetxoen artean arrakasta handia du Zuriñe Hidalgok (Gasteiz, 1990). Twitterren ere badute oihartzuna haren txioek, 6.918 jarraitzaile baititu. ETBko musika saio batzuetan epaile gisa parte hartu eta gero, aurkezle moduan aritzeko aukera sortu zaio orain. Irakaskuntzan zuen lana utzi behar izan du, Sorgintxulo-n buru-belarri aritzeko.

Zer moduz joan zaizkizue saioaren aurreneko grabaketak?

Oso ongi. Lan askorekin gabiltza, eta, hasiera guztietan bezala, gogorra izaten ari da. Ordu asko ari gara sartzen, eta nahiko leher eginda nago. Baina pozik gaude. Irrikan gaude jakiteko ea ondo ari garen ala ez. Egindako okerretatik ikasteko prest gaude, hobetu ahal izateko.

Nolakoa da zure pertsonaia, Zuri?

Lamina bat naiz, lamina oso alaia. Pertsona ona da Zuri, saioan oreka pixka bat jartzen duena. Tor magoa, berriz, oso jakintsua da, baina traketsa eta despistatua. Gorritxo galtzagorria oso bihurria da. Mitologiatik iritsita, mundu horretan ibiltzen naiz, oreka jartzen saiatu nahian.Sarri kantuan eta dantzan aritzen naiz.

2008tik ETBk ez du egin barne ekoizpeneko haurrentzako saiorik. Urteotan faltan sumatu al duzu hori?

Bai. Ni Betizuren garaian hazi nintzen. Komentatu izan didateBetizuk izan zuen arrakasta ikusita pena zela ETBk horrelakorik ez egitea. Irakasle gisa ere horren falta sumatzen nuen. Izan ere, marrazki bizidunak badauden arren, ez zegoen ezer hezigarria neska-mutikoentzat. Zorionez, iritsi da haurrentzako saio bat egiteko momentua. Bazen garaia.

Telebista mundua ez zaizu arrotza egiten, ezta?

Egia da egin ditudala beste gauza batzuk, baina hau mundu berri bat da niretzat. Pertsonaiabat antzeztea guztiz berria da. Orain arte musikarekin lotutako gauzak egin ditut, eta hor ni nintzen. Esperientzia berriarekin gogotsu nago, nahiz erronka handia izan.

ETB1eko goizeko emanaldiaz gain, saioak izango al du tarterik ETB3n?

Bai. ETB3n emango dituzte Sorgintxulo-ren kapsula batzuk.

Nafarroan, ordea, ezin da ETB3 ikusi, eta leku askotan ETB1 ere ez.

Zizur Nagusian bizi naiz, eta amarruak egin behar izaten ditugu ETB ikusteko. Penagarria da egoera. Ea aurten behingoz Nafarroan ETB LTD bidez ikusterik dagoen. Jende askok ikusi nahi ditu ETB zein Hamaika telebista, baina ez dago aukerarik.

Haurren mundura itzuliz, garai batean ondo funtzionatu zuten Superbat eta Betizu klubek. Halakoen falta sumatzen dute askok. Sorgintxulo-k izango al du antzeko klubik?

Garai bateko zenbakietara iristea zaila izango da, baina saiatuko gara ikusleengana iristen. Ez dakit klub bat sortuko den ala ez; oraindik ez dakigu. Klub bat izatea ondo legoke. Bitartean, egunero zorionduko ditugu lagun batzuk, eta neska-mutikoei eskatuko diegu argazkiak, marrazkiak eta bideoak bidaltzeko. Interaktibitatea izango dugu. Interneten, hemendik gutxira Sorgintxulo-k bere gunea izango du, magia trukoekin eta jolasekin. Saioa hezigarria da, gainera.

Euskal Herriko neska-mutikoentzat oso ospetsu bilakatuko zara...

Harrituta gelditzen naiz 8-9 urteko neska-mutilak Hesian-en diskoarekin etortzen zaizkidanean. Tokatuko zait, baina haurrak pila bat maite ditut.

Gainontzean nola ikusten duzu ETB?

Susmoa dut telebista gutxiago ikusten dela eta Internet gehiago kontsumitzen dela. Guri ezdigute ikusle datuen helbururik jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.