Udako atsedenaldiaren ostean, ETB1eko Hitzetik hortzera bertsolaritza programak gaur ekingo dio denboraldi berriari (21:00). Lehen saioan, Imanol Lazkano bertsolaria izango da protagonista. 2012an utzi zion bertso plazak egiteari, baina, plazan aritu ez arren, Lazkanok ez dio utzi bertsolari izateari.
Haurra zela zaletu zen bertsoekin Lazkano. Uztapide eta Basarri ezagutu zituen, eta haiekin bizitakoak kontatuko dizkio Mirari Martiarena saioaren aurkezleari. Joxe Lizaso eta Joxe Agirre ere hizpide izango ditu, haiekin plaza asko egin baitzituen. Bertsotan ez ezik, Bertsozale Elkartean ere egindako bidean murgilduko dira elkarrizketan. Hain zuzen ere, hemezortzi urtez Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen Lazkano. Iraganaz hitz egiteaz gain, gaur egun Bertsozale Elkartea nola ikusten duen kontatuko du. Lazkanok berak jarritako bertso batzuk entzun ahalko dira gaurko atalean.
Zuzendari berria
Hitzetik hortzera saioaren aurkezle izaten jarraituko du Mirari Martiarenak. Programaren zuzendaria, ordea, berria da: Andrea Lopetegi.
Denboraldia ohi baino luzeagoa izango da. Hilabete luzatu dute, irailean hasi eta maiatzaren amaiera arte iraungo baitu.
Larunbatetan emango dute saioa, 21:00etan. Igandero errepikapena emango dute. Eta EITBren Nahieran zerbitzuan ere ikusteko modua egongo da noiznahi. Bestalde, saioaren egunerokoaren berri emango dute Instagram sare sozialean.