Guau plataformak 'Lehendabiziko ordua' soinu fikzioa estreinatu du gaur

Oier Bravok sortua da fikzioa, eta Audiogile Berriak egitasmoaren irabazlea izan zen. Lera estudioan ekoitzi dute, Haritz Leteren zuzendaritzapean.

'Lehendabiziko ordua' soinu fikzioa. EITB
'Lehendabiziko ordua' soinu fikzioa. EITB
urtzi urkizu
Donostia
2026ko azaroaren 19a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundu gerra lehertzear da, eta Ane izeneko gazte bat aitona erreskatatzera abiatuko da, kaosaren, biziraupenaren eta traizioaren artean. Oier Bravo Alonsok idatzitako istorioaren abiapuntua da, eta, hain zuzen, soinu fikzio bilakatu dena. Gaur bertan estreinatu dute EITB taldearen Guau plataforman Lehendabiziko ordua soinu fikzioa. Lau atalez osatua da, eta guztiak daude entzungai Guaun eta ohiko audio plataformetan.

Bravo bera Donostian izan da gaur goizean, soinu fikzioaren aurkezpenean. «Istorioa idazterakoan, lan egin nahi nuen distopiatik errealitatera pasatzeko urratsarekin. Hain zuzen, ematen baitu guztiok bizi garela gatazka baten atarian». Bravoren gidoia Lera estudioan mamitu dute, Haritz Leteren zuzendaritzapean. Gidoia jaso, eta denetarik zegoela konturatu zen Lete: «Helikopteroak, misilak, tiroak, autoak, anbulantziak... Erronka handia zen hori guztia soinu fikzio batera eramatea». Letek berak egin du soinua diseinua eta nahasketa, eta bizirik atera dira erronkatik. Mundu gerraren atariko kolapsoari Elena Setienek jarri dio musika.

Sara Cozar aritu da aktore zuzendari. Ane protagonistari Nerea Sanz aktoreak jarri dio ahotsa —Aloka(h)iru telesaileko protagonistetako bat da—, eta aitaitaren rola Ramon Agirrek jokatu du. Beste zenbait aktorek jarri dute ahotsa: Ainhoa Etxebarriak, Ainhoa Artetxek, Karmele Larrinagak, Asier Hernandezek, Dorleta Urretabizkaiak, Egoitz Sanchezek eta Nahikari Beltzak, besteak beste.

Audiogile Berriak egitasmoaren hirugarren aldiko irabazlea izan zen Bravo, bere proiektuarekin. Mentoreekin formakuntza saioak jaso zituen Tabakaleran, Donostian. «Formakuntza saioetan, txipa aldatu nuen idazteko eran».

Fikziozko podcastaren irudia Alain Martinez Iribarrenek egin du. Fikzioa entzuten hasi, eta bizkor doa: 33 minutuan amaitzen da.

Deialdi berriko epea zabalik

Tabakalerak eta EITBk elkarlanean jarraituko dute Audiogile Berriak egitasmoaren deialdi berrian ere. Laugarren deialdiko epea gaur bertan zabaldu dute; abenduaren 30era arte bidal daitezke proiektuak, eta Tabakalerako webgunean daude oinarriak.

Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak azaldu duenez, deialdiaren formatuan aldaketa bat egingo dute: gidoien iraupenak, lehen, 90 minutu ingurukoa izan behar zuen, eta orain 40 minutura murriztu dute. Goñiren iritziz, horrela jende gehiagok parte hartu ahalko du.

Fikziozko hiru gidoi proiekturik onenak garatuko dituzte, gidoi bilakatzeraino. Eta horietako bat ekoitzi eta zabalduko du EITBk; maiatzean jakinaraziko dute zein den proiektu irabazlea. Eta, okerrik ezean, 2027ko azaroan estreinatuko dute Guaun soinu fikzio berri hori.

Goñik azaldu duenez, bestalde, bi aste barru beste soinu fikzio bat ere estreinatuko du EITBko Guau plataformak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA