Hirugarren urtez egin dute Audiogile Berriak egitasmoko deialdia Tabakalera kultur zentroak eta EITBk, euskarazko audio fikzioen sorkuntza sustatzeko asmoz. Xabi Paia izan zen lehen deialdiko irabazlea; Xabin Fernandezen Zure ilunetan proiektuak irabazi zuen bigarrena; eta hirugarrenean, Oier Bravo Alonsoren Lehendabiziko ordua hautatu dute. Modu horretan, Bravok idatzitako soinu fikzioa ekoitzi eta estreinatuko du EITB taldeak.
Bravok sortutako istorioak honako hau kontatuko du: Mundu Gerra lehertu eta minutu gutxira, Ane autoz abiatu da, Txorierriko eskualdean (Bizkaia) barrena, aitonaren bila zahar etxe batean bakarrik geratu ez dadin. Irratiaren bidez heltzen zaizkion albiste zatikatuek eta kalean hedatzen ari den kaosak aurrera jarraitzea gero eta arriskutsuago bihurtuko dute. Bidean, Anek hainbat erabaki hartu beharko ditu: nori lagundu, nori ez, eta zer prezio duen konfiantzak mundu kolapsatu batean. Ustekabeko desbideratze batek, ustezko ezagun bat autora igo eta gero, tranpa inprobisatu batera eramango du, eta bere helburua tupustez urrunduko da. Kanpoko munduak hondoratzen jarraitzen duen bitartean, Anek gerra propio eta bakarti bati aurre egin beharko dio bere oraina babesteko.
Audiogile Berriak deialdiko beste bi finalistak Julen Gorosabel Ortegaren Bordatxo taberna eta Oizeder Mayo Sanchezen Sorginen uskara izan dira.
Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak eta Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak atzo iluntzean eman zuten Audiogile Berriak-en hirugarren aldiko irabazlearen izena, Podcast Geltokia jaialdiaren lehen egunean. Han zen Bravo, eta oso eskertuta mintzatu zen hautatua izan dela jakin ostean. «Askotan hitz egiten da fikzioaren botereaz. Lehendabiziko ordua-k gure normaltasunaren kolapsoa kontatzen du. Egiatik edaten duen gezurrezko istorio bat da».Â