Pertsona batzuekin eta leku batzuetan gauzak antolatzea erraza egiten da. Gonbidatuek baietz esaten dizute, antolaketa eraginkorra da, mundu guztiak beretik ematen du gauzak ondo irten daitezen... Semaforo guztiak berdean aurkitzearen sentsazioaren antzekoa da: elkarrekin kolaboratzeak benetan funtzionatzen du, eta denak normala dirudi gainera.
Horrelako harremana dut UEUren, TEKS elkartearen eta Badalab Hizkuntza Berrikuntzarako laborategiaren artean Errenterian udazkenetan antolatu ohi dugun Humanitate Digitalak Euskal Herritik (HDEH) jardunaldiarekin. Beste leku batzuetan eldarniotzat hartuko litzatekeen edo orain tokatzen ez dela esango liguketen ideiak material egin eta elkarrekin pentsatu, jolastu eta lan egiteko espazioak sortzen dira ia-ia berez.
Aurten proposamenari Gure kontsumo digitalak (zer jan hura izan) deitu diogu, slop, algoritmo, plataforma pribatu, doomscrolling-era (heriokurketa) kateatuko gaituzten aplikazio eta teknofaxismoak behin Internet deitzen dugun hori zentro komertzial eta zabortegi arteko zerbait bilakatuta daukagun honetan. Iruditu zaigu gertatzen ari zaigunari eta egiten ari garenari buruz lasai hitz egiteko leku bat, espazio bat, tarte bat behar dugula. Zor diogula elkarri.
Streaming aroa liburuaren idazle eta BERRIAko kazetari Urtzi Urkizu eta Zer Non Ikusi-ko Xumar Altzugarai izango ditugu euskarazko eduki digitalen egungo panoramari errepasoa emateko. Laida Arbizu filosofoa eta Maider Eizmendi kazetaria izango ditugu konspirazionismo eta desinformazio korronte eta gertakari berriak kokatzeko (Ana Galarraga zientzia dibulgatzaile bikainaren laguntzarekin). Eta bazkaldu ostean Fedibertsoa Saretzen taldearekin Sare sozial libreak komunikazio-estrategian. Zergatik, zertarako eta nola? tailerrean parte hartuko dugu Badalaben egoitzan, goizeko hausnarketei arratsaldeko egitasmo praktikoak uztartzeko.
Etenik gabeko argi eta soinuzko ekaitz honen erdian elkarrekin hitz egin eta pentsatzeko tarte bila bazabiltza, ez egin dudarik eta eman izena. Azaroaren 27an elkartuko gara Torrekua dorretxean, goizeko bederatzietan, ezohikoa hurbil eta zaila erraz gertatzen den lekuan.