Hamaikak eta Kanaldudek 'Arg(h)itzen' torturaren inguruko dokumentala emango dute bihar

Torturak jasan dituzten 30 pertsonaren lekukotzak jaso dituzte bertan. Mikelatxo Urbi herritar kolektiboak ondu zuen egitasmoa. Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean eman zuten iaz.

Irune Ginea, 'Arg(h)itzen' dokumentalean. MIKELATXO URBI
Irune Ginea, 'Arg(h)itzen' dokumentalean. MIKELATXO URBI
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herri txiki eta ertainez osatuta dago Nafarroako Sakana eskualdea: biltzen dituen hamabost udalerriak batuta, 20.000 biztanle inguru ditu. Eta, kopuru hori izateko, handia da torturak zeharkaturiko herritarren multzoa. 2020. urtean bildu zituzten datuen arabera, 149 ziren Espainiako Estatuko poliziaren baten tratu txarrak jasan dituzten herritarrak  —1960tik 2011ra—. «Baina gehiago ere izan dira torturatuak», Manu Gomez Mikelatxo Urbi kolektiboko ordezkariak BERRIAri Donostiako azken Zinemaldian azaldu zionez. Kolektibo horrek Arg(h)itzen dokumentala ondu zuen, eta iaz Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean eman zuten. Herriz herri ere hainbat emanaldi egin dituzte, Sakanan bereziki. Bihar, berriz, telebistako estreinaldia izango du torturaren inguruko dokumental horrek. Hamaikak eta Kanaldudek 22:00etan emango dute Arg(h)itzen.

Nafarroako Torturatuen Sarearen eta Sakanako udalen laguntzarekin egina da lana. Torturak jasan dituzten 30 pertsonaren lekukotzak ageri dira. Horiez gainera, Amaia Izko eta Iñigo Iruin abokatuak, Martxelo Otamendi —2003ko otsailean torturatu zuen Guardia Zibilak— eta Mikel Reparaz kazetariak, Serge Portelli —Versailleseko Dei Auzitegiko presidente, Magistratuen Sindikatuko kide eta Frantziako Asanbleako kontseilari izandakoa—, Iñaki Egaña historialaria eta Laura Pego kriminologoa ageri dira torturaren gaiaz hizketan dokumentalean.

«Inpunitatea bermatzen duten egiturak»

Lanaren egileek nabarmendu dute tortura ez dela erabili garai jakin batean. «Francoren diktaduran eta demokrazian, Espainian izan diren gobernu guztiak baliatu dira torturaz. Dokumentalak ez du soilik erakusten zer den tortura eta nola egin dakiokeen aurre. Adituen bidez, estatuaren inpunitatea bermatzen duten egiturak azaleratzen ditu».

Manu Gomez Arg(h)itzen dokumentalaz hizketan, BERRIAren 25. Fotograma saioan.

Altsasun (Nafarroa) egin zuten dokumentalaren lehen aurkezpena, 2024ko ekainaren 8an. Manu Gomezek orduko hartan adierazi zuen «kontakizunen garaian» dagoela Euskal Herria. Dokumentalaren egileek ezinbestekotzat jo dute «ikuspegi poliedriko» hori islatzea: «Guk torturaren kontakizuna egin dugu, gure herrian sufrimendu asko eragin duen errealitate baten kontakizunetako bat. Jakitun gaude sufrimendu gehiago ere badirela, gatazka politikoan iturria dutenak. Gatazka honetan sufritu duten eta sufritzen ari diren pertsona guztiekiko enpatia ariketa bat ere izan nahi du gure ekarpen xume honek».

Arg(h)itzen dokumentalaren aurkezpena
Arg(h)itzen dokumentalaren aurkezpena, Altsasun, 2024ko ekainaren 8an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Dokumentala sortzeko prozesuak urte batzuk iraun zuen. Hastapenetan, beste batzuen artean, Fran Balda Arbizuko (Nafarroa) ezker abertzaleko militanteak parte hartu zuen lana garatzeko ideian. 2021eko martxoaren 13an hil zen, auto istripuz. Dokumentalaren egileek gogora ekarri dute Balda kredituetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA