'Indarkeriaren Oi(h)artzunak' 187.000 lagunek ikusi dute TV3en

Torturen eraginez hil zuten Esteban Muruetagoiena medikuaren ingurukoa da lana. 'Prime time' ordutegian eman zuen katalanezko kateak, eta %11,3ko ikusle kuota lortu zuen.

'Indarkeriaren Oi(h)artzunak' dokumentala. MIROKUTANA
'Indarkeriaren Oi(h)artzunak' dokumentala. MIROKUTANA
urtzi urkizu
2025eko urriaren 1a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EITBren Primeran plataforman eta Herrialde Katalanetako ordainpeko plataforman ikus zitekeen duela egun batzuetatik hona Indarkeriaren Oi(h)artzunak dokumentala. Baina telebista konbentzionalean ez du ETBk estreinatu, TV3 Kataluniako kateak baizik. Sense ficció saioaren barnean estreinatu zuten dokumentala, atzo, 22:05ean, eta ikus-entzule datu onak izan zituen. 187.000 lagunek ikusi zuten dokumentala. Batez beste, %11,3ko ikusle kuota bereganatu zuen. Gaurtik aurrera eta datozen hilabeteetan, 3Cat doako plataforman ere ikusi ahalko da Ander Iriartek eta Amaia Merinok zuzendutako lana.

Bi zati ditu dokumentalak. Alde batetik, Esteban Muruetagoiena medikuak eta haren familiak jasandako pasarteak, hala nola ETAk familia haien etxean bahitu zuenekoa, edo Esteban Muruetagoienak jasandako bi atxiloketak, bigarrena tortura bortitzez beterikoa. Beste aldetik, Tamara Muruetagoienak, medikuaren alabak, errekonozimendua lortzeko egin duen bidea azaltzen du lanak, eta egiten ari den bidea ere bai. Tamara Muruetagoienak bere bizitzako hainbat pasarte kontatzen ditu dokumentalean, kamerari aurrez aurre begira, azalduz zer eragin izan duen aitaren hilketak haren ibilbide profesional eta pertsonalean.

Medikua bigarren aldiz atxilotu zuten 1982an, eta, lehenengoan ez bezala, Madrilera eraman zuten. Bertan, bederatzi egunez jarraian torturatu zuen Guardia Zibilak. Handik atera eta hiru egunera hil zen, torturen eraginez. 

Adur Larreak eginiko ilustrazio-animazioek irudikatzen dute Tamara Muruetagoienak kontatzen duena. Bestetik, Eva Forestek grabatutako zinta batzuk agertzen dira dokumentalean. Zinta haien bidez, garai hartako testigantzak jaso dituzte, Esteban Muruetagoienaren autopsian izan zirenenak eta tortura egunen ostean nola zegoen ikusi zutenenak.

Euskal gatazkarekin eta memoria historikoarekin lotutako beste dokumental batzuk ere eman izan ditu TV3 kateak. ETBk baino lehen, askotan. Eta badira TV3en eman arren ondotik ETBk eman ez dituen ikus-entzunezko lanak. Eskubideak izan badituen arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.