ETBren aurretik, Kataluniako TV3ek estreinatuko du gaur 'Indarkeriaren Oi(h)artzunak'

Primeran plataforman ikusgai dago dokumentala, baina ETBk oraindik ez du eman, eskubideak badituen arren. Katalanezko kateak 'prime time' ordutegian estreinatuko du, 22:05ean, 'Sense ficció' saioaren barnean.

'Indarkeriaren Oihartzunak' filma. MIROKUTANA
'Indarkeriaren Oihartzunak' filma. MIROKUTANA
urtzi urkizu
2025eko irailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Film Luze Onenaren Ikusleen Saria jaso zuen iaz Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian, eta ondotik makina bat aitortza jaso ditu beste jaialdi batzuetan. Amaia Merinok eta Ander Iriartek zuzendutako Indarkeriaren Oi(h)artzunak dokumentalak harrera beroa izan du Euskal Herrian eta beste herrialde batzuetan. Duela aste batzuk oharkabean iritsi zen EITBren Primeran plataformara. Telebista konbentzionaleko estreinaldia, berriz, gaur gauean izango du, Kataluniako TV3 katean: Sense ficció saioaren barne emango dute, 22:05ean, katalanezko azpidatziekin.

Bi zati ditu dokumentalak: alde batetik, Esteban Muruetagoiena medikuak eta haren familiak jasandako pasarteak, hala nola ETAk familia haien etxean bahitu zituenekoa, edo Esteban Muruetagoienak jasandako bi atxiloketak, bigarrena tortura bortitzez beterikoa. Beste aldetik, Tamara Muruetagoiena medikuaren alabak errekonozimendua lortzeko egin duen eta egiten ari den bidea. Tamara Muruetagoienak bere bizitzako hainbat pasarte kontatzen ditu dokumentalean, kamerari aurrez aurre begira, azalduz zer eragin izan duen aitaren hilketak haren ibilbide profesional eta pertsonalean.

Medikua bigarren aldiz atxilotu zuten 1982an, eta, lehenengoan ez bezala, Madrilera eraman zuten. Bertan, bederatzi egunez jarraian torturatu zuen Guardia Zibilak. Handik atera eta hiru egunera hil zen, torturen eraginez. 

Adur Larreak eginiko ilustrazio-animazioek irudikatzen dute Tamara Muruetagoienak kontatzen duena. Bestetik, Eva Forestek grabatutako zinta batzuk agertzen dira dokumentalean. Zinta haien bidez, garai hartako testigantzak jaso dituzte, Esteban Muruetagoienaren autopsian izan zirenenak eta tortura egunen ostean nola zegoen ikusi zutenenak.

Mirokutana ekoiztetxearen dokumental bat da Indarkeriaren Oi(h)artzunak. Ander Iriarte zuzendaria Karpeta urdinak dokumentalaren egilea da; lan hori ere Primeran plataforman dago ikusgai, baina ETBk ez du eman telebista konbentzionalean.

TV3en aurretik, beste batzuetan ere bai

Euskal Herriko memoria historikoarekin lotutako beste lan batzuekin ere gertatu izan da: ETBk emititzeko eskubideak izan arren, TV3ek estreinatu du lehenago. Batzuetan, atzetik joan da ETB, eta emititu du azkenean dokumentala. Eta beste batzuetan ez du emititu ere egin, Apaiz kartzela dokumentala adibidez.

Katalanezko katean ikusle datu onak izan dituzte sarri Euskal Herriko memoriarekin eta euskal gatazkarekin lotutako lanek: 2022ko urtarrilean, TV3ek Non dago Mikel? dokumentala eman zuen, eta %16,1eko ikusle kuota lortu zuen; hilabete berean eman zuen TV3ek Altsasu (Gau hura) dokumentala; 2023ko martxoan, torturaren inguruko Bi arnas dokumentala eman zuen; eta 2024ko urtarrilaren 9an, Apaiz kartzela dokumentala estreinatu zuen. Sense ficció saioaren barne eman dituzte lan horietako gehienak.

Oihartzun txikiagoa eta ikusle gutxiago izan zituen ondotik ETBko emanaldiak, Non dago Mikel? eta Bi arnas dokumentalak eman zituztenean.

Aintzane Ezenarro da joan den hiletik EITBko Eduki Historikoen arloburua. Haren aurretik, Iñigo Caminok zuen ardura hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.