Malen Altunarekin batera Benetan zabiz? bideopodcasta aurkezten du Aitziber Gradosek (Altsasu, Nafarroa, 1999). Mikel Pagadizabalen alboan aritu zen, halaber, Argizaiola programa aurkezten. Linbo du ETB1eko lehen saioa aurkezle nagusi gisa. Seigarren atala emango dute gaur.
Atal batzuk pasatu dira Linbo hasi zenetik. Dagoeneko martxa hartuta?
Pentsatu eta pentsatu nabil saiotik saiora martxa hartu dudan ala ez, baina uste dut lehenengoan denak emanda hasi nintzela eta lehenengotik izan nuela martxa. Egia da batetik bestera hobekuntzak daudela, bai nire partetik, bai lantalde osoaren partetik. Baina martxa hasiera-hasieratik izan genuen.
Zer moduz sentitzen zara lurraren eta infernuaren artean?
Oso ondo. Zerua eta infernuaren artean, nahiago dut infernua, baina linboan oso ondo gaude, ezereza da eta.
Nola hartu zenuen Hiru Damatxo ekoiztetxekoen proposamena late night show baten aurkezle izateko?
Segituan eman nien baiezkoa. Baina proposamenak harritu egin ninduen, ez bainuen espero saio bat aurkeztea, aurten behintzat... Eta pozik, nola ez: oso pozik. Niretzat, egundoko ametsa izan da.
Nola daramazu saioa publikoa bertan dela grabatzea?
Hori da erronka nagusietako bat. Azken batean, zu ikustera datoz: hau da, ni, gonbidatuak, kolaboratzaileak, saioa, oro har. Eta ondo pasatu behar dute. Horri eutsi egin behar zaio saio guztian. Protagonista handienetako bat ere bada publikoa. Aurretik gidoi bat dago, eta ikasi egin behar da, prestatu... Baina beti daude ezustekoak, eta publikoari zerbait esateko beharra. Hor izaten dut Lander Arretxea saioko zuzendaria entzungailutik gauzak proposatzen. Oso ondo konpontzen gara bion artean.

Saioan inprobisatu ere egin behar duzu, eta etorriak umoretsua behar du. Zer moduz horretan?
Inprobisatzen dudanean eroso sentitzen naiz. Ateraldi batzuk beharbada ez dira publikoaren gustukoak, baina, tira. Konfiantza daukat neure buruan, eta, hortaz, lasai botatzen ditut ateraldi horiek. Kolaboratzaileekin ere konplizitate oso handia daukat: artista hutsak dira denak. Nork bere kolaborazioa egiten du, nork bere moduan. Ikusle bat baino gehiago harrituko zen kolaboratzaile batzuk ikusita.
Esate baterako, Olaia Inziarte.
Kristorena da Inziarte saioan umorea egiten ikustea. Inork ez zuen espero. Jende askok badaki Olaia graziosoa eta sinpatikoa dela, baina telebista saio batera joan, bere testua prestatu, eta kolaborazioa egitea... Uste dut jende askok ez zuela espero. Ederra da Olaia testuinguru horretan ikustea.
Ikusle datuei erreparatzen al diezu?
Ez. Baten batek esaten badit, edo saioko zuzendariak, ondo. Baina ni ez noa datu horren bila.
Ez duzu presio gisa hartzen?
Gustatuko litzaidake ikusle datu politak izatea, eta gero eta altuagoak... Baina nik, pertsonalki, ez dut sentitzen presiorik. Pentsatzen badut lantalde osoan eta proiektuan,tira, presioa egon badago; izan ere, azken batean, baliteke ikusle datuen arabera erabakitzea beste denboraldi bat egin ala ez. Baina ni oraingoz pozik nago denboraldi hau eginda. Eta gero gerokoak.

Zure belaunaldiko ikusle gazte askok telebista konbentzionala alde batera utzi dute. Zure ustez, gazte asko itzuli dira ETB1era Linbo-ri esker?
Bai, nire kuadrillakoak, adibidez. Saiotik saiora gero eta gazte gehiago erakarri ditugu. Gazteok sare sozialetan gaude, eta sare sozialetan ere sortzen dugu edukia, eta gazteak hortik telebistara eramatea ere bada helburua. Hortaz, sareetan saioaren zenbat eta eduki gehiago sortu, orduan eta gazte gehiago erakarriko ditugu. Telebistan gero eta saio gehiago egiten dira gazteentzat, eta uste dut gazte asko hasi direla telebista ikusten horiei esker. Reality show-ak ere badaude, eta horiek ere ikusten dituzte.
Zer dio Benetan zabiz-eko lagun Malen Altunak Linbo-ri buruz?
Oso pozik dago. Beti poztuko gara besteari lanerako aukera bat sortzen zaionean.
Zer duzu nahiago, bideopodcastak ala telebista?
Aita ala ama aukeratzearen parekoa da hori. Ez dut hainbeste pentsatzen horren inguruan. Bietan eroso sentitzen naiz, edo sentitu izan naiz orain arte. Testuingurua beste bat balitz, edo lantaldea beste bat balitz, beharbada irratia ez litzaidake hainbeste gustatuko. Gustatzen zait orain arte irratian sortu dugun lekua, oso erosoa izan da eta. Telebistan berdin: telebista gustatu zait lantaldea ere gustatu zaidalako.
Podcastean egin dituzuen elkarrizketa batzuk asko zabaldu dira, eta sareetan ere oihartzun handia izan dute.
Bai, hala da. Ez gara horren bila ibili. Ez goaz arrakastaren bila; hori ez da sekula izan gure helburua. Aurreko denboraldian tarte bat izan genuen biralizazioari lotua: gonbidatuari eskatzen genion gezur bat kontatzeko, anekdota bat, bere irudiari kalterik egingo ez ziona, eta gero hori sareetan zabaltzen genuen; hortaz, anekdota asko oso surrealistak ziren. Publikoari horrek zerbait eragiten zion, eta asko zabaltzen ziren. Egia da tarte horri esker jarraitzaile pila bat lortu genituela.
Gazteek ekoitzitako saioa da Linbo. Gazteei aukera gehiago eman beharko lieke ETBk?
Noski. Gazteak ez badaude, gazteek ez badute lekukoa hartzen, egun batean ETB hutsik geldituko da.

Zu bazara adibide.
Bai, posible da. Eta posible baino gehiago, beharrezkoa da gazteok ETBko plazak eta lekuak hartzea. Lehen esan bezala, beharrezkoa da; izan ere, egunen batean, ETBn urte luzez ibili direnak ez dira egongo. Eta guk hartu behar dugu lekuko hori.
Zer moduzkoa izan zen Argizaiola saioko esperientzia?
Zoragarria. Asko gustatzen zait misterioa. Pagadik proposamena egin zidanean, berehala esan nion baietz. Saioa ikusi dutenek esan didate disfrutatu dutela. Nire amonak asko disfrutatu du.Harritu egin nintzen, batzuetan deabrua gora eta behera ibiltzen ginen eta [kar-kar]. Eliza batera joan, eta nik lekuz kanpoko iruzkinen bat egitean, amonak eskuak burura eramaten zituen: «Jesus, jesus!». Baina bera da nire zalerik handiena.