Euskaraz egiten duten zenbait madrildarrekin elkartuko dira Kike Amonarriz Gorria eta Izaro Arruti Agirreurreta Tribuaren berbak saioaren denboraldi berriko lehen atalean. Izan ere, Espainiako hiriburuan grabatu dute programa hori. ETB1 kateak igandean emango du, 22:00etan, eta ordutegi berean emango dituzte denboraldiko hurrengo zazpi atalak ere.
Madrilgo euskaltzaleak du izenburu sasoiko lehen atalak. Amonarrizek iragarri duenez, Karlos Cidekin hitz egiteko aukera izango dute. Kontatuko du aititaren maitasunagatik hasi zela euskara ikasten. Berrogei urte inguru daramatza Madrilen euskara irakasten. Korrika txulapoa antolatu ohi du, eta itzulpenak egin izan ditu txekieratik euskarara.
Almudena Miragaya basozaina izango da saioko beste protagonistetako bat. Euskal Herriko Artzain Eskolan hiru urte egin zituen, eta Madrilera itzuli zen gero. Euskal kantak abestea gustatzen zaio.
Amonarrizek, atal berezi horretarako, Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetarako ministro Jose Manuel Albares elkarrizketatu du. «Argibide interesgarriak eman dizkigu euskara, katalana eta galegoa Europan ofizial izateko dauden aukeren inguruan». Esaldi bat euskaraz ere esango du.

Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalaria ere elkarrizketatuko dute. Kritikoa da hizkuntza batek beste hizkuntzen gainetik egon behar duela esaten dutenekin. Ideologia hori Espainiako botere politiko, sozial eta ekonomikoaren ondorio dela azalduko du.
Errukine Olaziregi euskara irakaslea da Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofizialean. Euskara ikasleen kopurua hirian «ikaragarri» handitu dela kontatu du: 2018an hirurogei ikasle ziren, eta orain, berriz, 180 daude matrikulatuta.
Beste zazpi atal
Amonarrizek iragarri du euskararen bueltako askotariko gaiak landuko dituztela Tribuaren berbak saioaren denboraldi honetan: euskal kantagintzaren erradiografia bat, euskararen egoera zertan den herri mugimenduetako eta erakundeetako ordezkarien iritziz, adimen artifiziala, arnasguneak, aniztasuna eta hezkuntza. Aurreko denboraldian, azken atalean Herrialde Katalanetan ibili ziren. Aurten ere, denboraldiko azken atalean Euskal Herritik aterako dira Amonarriz eta Arruti: Errioxan eta Burgosen (Espainia) ibiliko dira, euskarak bi lurralde horietan zer presentzia izan duen aztertzeko.
Denboraldi berriak iazko bide bertsutik jarraituko du. Datuak modu grafiko eta ikusgarrian emango dituzte. «Arrutiren eta bion artean interakzio handiagoa edukiko dugu», iragarri du Amonarrizek. «Kale inkestak ere egingo ditugu». Aurreko denboraldian Interneteko sare sozialetan zabaldu zuten bidearekin ere jarraituko dutela nabarmendu du saioko lantaldeak. Arrutik bideo bertikalak ere egingo ditu sareetarako.Â
Tribuaren berbak saioa Gipuzkoako Orio Produkzioak ekoiztetxeak egiten du ETBrentzat.