Hamar urte daramatza kirol kazetaritzan Iñaki Berastegik (Urdiain, Nafarroa, 1994). Kolaboratzaile talde sendoa osatu du ostiraletan futbolaz solastatzeko. Osasunaren partiden kontakizuna egin ohi du Euskadi Irratian.
Zertan izango da desberdina Futboltegia beste kirol irratsaio batzuen aldean?
Euskadi Irratian badugu kirol albistegi bat, eta beste saio bat kontaketan oinarritzen dena. Hirugarren honek, Futboltegia-k, analisia izango du ardatz. Nolabait, Katedra-k pilotan duena izango du, Tostartean-ek arraunean duena; bi saio horiek ere tertulia erara egiten baitira. Antzeko zerbait egingo dugu futbolarekin, baina gaietan ez gara azken asteburuari hain lotuta ibiliko, ezta ailegatzear denari ere.
Gaiak ikuspuntu analitiko eta tekniko batetik landuko dituzue?
Bai, hori da. Denetariko gaiak izango diren arren, jokoa bera aztertu nahi dugu: futbolean nola jokatzen den. Eguerdiko albistegietan ez da denbora askorik izaten hain sakon hitz egiteko. Alde horretatik, leiho bat ikusi dugu hori egiteko. Beste alde batetik, aktualitateari hain lotuak ez dauden gai batzuk ere izango dira; adibidez, bost partidak pasatu ostean, zergatik ari da jokatzen Reala modu horretan? Funtsean, jokoaren analisia egin nahi genuke saio honetan.
Zeure kabuz egin al duzu saioa sortzeko proposamena?
Halako saio baten proposamena egin nuen aspaldi, eta orduan ez egitea erabaki zuen irratiak. Oraingoan, berriz, irratiak berak eskatuta etorri da, ziur aski bere garaian ideia hori azaldu nielako. Orain arte ez dugu izan futbolerako tarte berezi espezializatu bat, analisirako eta patxadaz gaiak lantzeko.
«Jagoba Arrasateri eskatu diogu, gutxi-asko, ikusten ez dugun hori gure entzuleei erakusteko. Jokoaren inguruan ariko da gehienetan»
Jagoba Arrasate entrenatzailea lortu duzu kolaboratzaile izateko. Zer egingo du bere atalean?
Oso pozik nago horrelako erreferente bat gurekin dagoelako. Jagoba Arrasateri eskatu diogu, gutxi-asko, ikusten ez dugun hori gure entzuleei erakusteko. Jokoaren inguruan ariko da gehienetan, baina bere entrenatzaile lanaren inguruan ere galdetu nahi diogu. Astean zehar gai bat adostuko dut berarekin, zerbait teknikoa. Bere datuetan oinarrituta, bere entrenatzaile esperientzian eta lanean oinarrituta ariko zaigu. Futbolaz irakatsiko digu aldiro. Guk normalean ikusten ez ditugun gauza batzuk zergatik gertatzen diren azalduko du.
Hain teknikoak ez diren gaiak ere landuko al dituzue saioan?
Bai; kasurako, Arturo Ruizek Reala utzi duela izan daiteke gai horietako bat. Gai gehiago ere sar daitezke saioan.
Euskal selekzioak, adibidez?
Bai, izan zitekeen, lasai asko. Euskal futbol munduarekin loturiko gaiak izango dira nagusiki. Emakumezkoen zein gizonezkoen ligetan dauden euskal taldeez ariko gara gehienbat.
Tertuliako solaskideen artean badira hor jokalari ohiak, entrenatzaileak...
Denetarik dago. Oso jende teknikoa. Besteak beste, Nerea Zusberro, Aitor Manterola, Nerea Abancens, Ane Etxezarreta, Loren Barbado, Keoma Fuentes, Haritz Otxotorena eta Ion Zabaleta izango dira irratsaioan.
BERRIAn aritu izan zara. Idazten ere gozatzen duzu?
Oso gustura idatzi izan dut beti. Baina prentsaren, telebistaren eta irratiaren artean aukeratu beharko banu, irratia aukeratuko nuke, bereziki zuzenekoa.
Mikrofono aurrean futbolaz aritzean, nola sentitzen zara emozio aldetik? Oso emozionala al zara?
Bai, bai, Osasunaren partidak kontatzea maiz tokatzen zaizkit Euskadi Irratian, eta esango nuke baietz, oso emozionala naizela. Noski, batzuetan garrantzitsua da neurria jartzea, eta bakoitzaren emozioak ez gain hartzea. Tentuz jokatzea ere bai.
Euskal selekzioak noizbait partida ofizial bat jokatuko balu, nolako emozioak izango zenituzke kontakizunean?
Orain arte ez zait tokatu euskal selekzioaren lehiak kontatzea, Euskadi Irratian beste lankide batzuek egiten dutelako hori. Baina partida ofizial bat? Uste dut hemen irratian gauden guztion ametsetako bat izango litzatekeela. Ziur naiz ilusio handia egingo ligukeela guztioi halako partida batek.
Zer lerroburu jarri nahiko zenioke denboraldi amaieran Futboltegia irratsaioari?
Hiru Erregeen Mahaia eta Kirol legez irratsaioetan oso entzule fidelak dauzkagu, eta hori bera nahiko nuke Futboltegia saiorako. Era berean, programa arina izan dadila, jendearentzat gustagarria.
Futbolaz eta kirolaz gainera, irrati entzule gisa, zer irratsaio gustatzen zaizkizu?
Euskadi Irratian oso gogoko ditut Joseina Etxeberriaren Kantu kontari eta Arantxa Iturberen eta Nekane Peñagarikanoren Arratsean. Baina beste asko ere gustatzen zaizkit.