'Klaketa'-ren atal berriak, Guau plataforman

Bideopodcastaren bigarren denboraldiak bederatzi atal izango ditu. Aurrenekoan, Asier Urbieta zinemagilea elkarrizketatu du Gaizka Izagirrek.

Gaizka Izagirre 'Klaketa' bideopodcasteko aurkezlea. MAIALEN ANDRES / FOKU
Gaizka Izagirre 'Klaketa' bideopodcasteko aurkezlea. MAIALEN ANDRES / FOKU
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 23a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal zinemari buruzko Klaketa bideopodcastaren bigarren denboraldia estreinatu dute EITB taldearen Guau audio plataforman. Lehen denboraldian bezala, Gaizka Izagirre zinema eta telesail kritikariak zazpigarren artearekin lotutako profesionalak elkarrizketatuko ditu. Haietako gehienak, euskal film baten bueltan. Sareratu dute jada denboraldi honetako lehen atala: Asier Urbieta Faisaien irla filmaren zuzendaria gonbidatu dute.

Datozen asteetan, beste zortzi elkarrizketa zabalduko dituzte bideopodcastean. Izagirre gustura ari da Klaketa-ko lanean: «2025. urtean oso oparoa izan da euskal zinemaren uzta. Horregatik, azkeneko hilabeteetako pelikulak landu ditugu bereziki elkarrizketetan». Izagirrek azaldu du asmoa ez dela bakarrik aktoreak eta zuzendariak agertzea podcastean. «Teknikariak, arte zuzendariak eta intimitate koordinatzaileak ere elkarrizketatuko ditugu. Hau da, denetarik izango dugu».

Izaskun Urkijo Gaua filmeko arte zuzendaria izango da elkarrizketatuetako bat. «Euskarazko film horretan erabilitako traste batzuk ekarriko dizkigu Urkijok». Amazon Prime Video plataforman ikusgai dago film hori, euskaraz.

Podcasteko beste atal bat euskal film klasikoen zaharberritzearen ingurukoa izango da, eta, horretarako, Ion Lopez Euskadiko Filmateko kontserbazio saileko zuzendaria gonbidatu dute. «Bolognako [Italia] laborategian egindako lana kontatuko digu. Aurten beste bi klasiko zaharberrituko dituztela ere aipatuko du».

Aro berria filmaren zuzendari Irati Gorostidi, Karmele filmeko aktore Jone Laspiur eta Jone, batzuetan filmeko aktore Ainhoa Artetxe izango dira beste elkarrizketatuetako batzuk. Dokumentalen gainean ere ariko dira denboraldi honetan: Itoiz, udako sesioak dokumentalaren hiru zuzendarietako bat ere, Larraitz Zuazo, On Time ekoiztetxearen platoan ariko da Izagirrerekin hizketan.  

'Maspalomas' filmarekin bi atal

Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zinemagileen Maspalomas filma plataformetara iritsi zen atzo, eta bederatzi izendapen ditu Espainiako Zinema Akademiaren Goya sarietan. Goenaga bera izango da Klaketa bideopodcasteko elkarrizketatuetako bat. Eta Maspalomas-en intimitate koordinatzaile lanetan aritutako Graciela Doniz ere gonbidatu dute saiora. «Jose Ramon Soroiz aktorearekin egunero aritu zen Doniz lanean. Mugak, onespenak eta sexu eszena esplizituak izango ditu hizpide. Gai oso interesgarriez hitz egingo du», iragarri du Izagirrek.

Klaketa-ren zuzendari, gidoilari eta aurkezlea da Izagirre. Baina On Time ekoiztetxearen eta beste lankideen lana nabarmendu du. Mara Nabarro eta Lander Ayllon ari dira irudi grabaketan eta edizioan. Eta audio grabaketa eta muntatze lanak Iñaki Beraetxek egiten ditu.

Gaizka Izagirre, Donostian, On Time ekoiztetxeko platoan. MAIALEN ANDRES /FOKU
Gaizka Izagirre, Donostian, On Time ekoiztetxearen platoan. MAIALEN ANDRES /FOKU

Izagirrek nabarmendu du zinemazaleen aldetik iruzkin onak jaso dituztela orain arte. Iradoki du interesgarria litzatekeela Primeran doako plataforman ikusgai dauden film batzuen alboan jartzea lan horiei dagokien Klaketa-ko elkarrizketak. «Zentzua izango luke».

Pelikulak ez ezik, telesailak ere izan dituzte hizpide bideopodcastean. Lehen denboraldian Brinkola-z aritu ziren, eta, Donostiako Zinemaldia amaitu bezain laster, atal berezi bat egin zuten Zeru ahoak-en inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.