'Maspalomas' eta 'Gaua' euskarazko filmak etzi iritsiko dira plataformetara

Primeran, Filmin eta Movistar Plus plataformetan jarriko dute 'Maspalomas'. Amazon Prime Videon, berriz, 'Gaua'.

Jose Ramon Soroiz, 'Maspalomas' filmean. BTEAM
Jose Ramon Soroiz, 'Maspalomas' filmean. BTEAM
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen irailean Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zinemagileen Maspalomas filma. Jose Ramon Soroizek aktorerik onenaren saria jaso zuen orduko hartan. Beste jaialdi batzuetan eman zuten gero. Eta Hego Euskal Herriko zinema aretoetan egin zuen bidea, irailaren 26an estreinatu zutenetik. Ostegun honetatik aurrera, berriz, Primeran (EITB), Filmin eta Movistar Plus plataformetan ikusi ahalko da, jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin.

Plataforma horietan ikusi ahalko da fikziozko film luzea, Hego Euskal Herrian. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, beranduago iritsiko da bai aretoetara eta bai plataformetara. Azkeneko asteetan, Frantziako eta beste herrialde batzuetako zenbait jaialditara zabaldu da Goenagaren eta Arregiren pelikula. Epicentre banatzailearen esku dago Frantziako eta Iparraldeko aretoen bidea, eta, Irusoingo iturriek azaldu dutenez, ekainean estreinatuko dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako aretoetan.

'Maspalomas' filmaren trailerra.

Espainiako Zinema Akademiak ematen dituen Goya sarietan, bestalde, Maspalomas filma hautagai da bederatzi kategoriatan.

Paul Urkijo zinemagilearen Gaua filma, bestalde, Amazon Prime Video ordainpeko plataforman ikusi ahalko da etzitik aurrera. Sitgesko Nazioarteko Zinema Jaialdian lehiatu zen urrian, eta ondotik Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko 36. Astea inauguratu zuen Kursaal jauregian. Hego Euskal Herriko areto komertzialetan azaroaren 14an estreinatu zuten. Iparralderako, ordea, oraingoz ez du banatzailerik. Espainiako Zinema Akademiak ematen dituen Goya sarietan hiru hautagaitza ditu Gaua-k.

'Gaua' filmaren trailerra.

Urkijoren aurreko filma, Irati, Amazon Prime Videon jarri zuten lehenbizi, eta harrera beroa egin zioten ikus-entzuleek: lehen astean Espainiako Prime Videon gehien ikusi zen filma izan zen. Errementari filmak, bestalde, ikusle asko izan ditu mundu osoan Netflix plataforman.

Gaua filma
Yune Nogueiras aktore protagonista, 'Gaua' filmean. DAVID HERRANZ

Euskarazko beste filmak

Azkeneko hilabeteetan euskarazko beste hainbat pelikula iritsi dira Euskal Herriko zinema aretoetara. Asier Urbietaren Faisaien irla Primeran plataforman eta Movistar Plusen ikus daiteke.

Asier Altunaren Karmele, berriz, espero izatekoa da hemendik gutxira Primeran-era iritsiko dela; izan ere, plataforma horretan Karmele-ren trailerra ageri da, eta han Laster irakur daiteke. Sara Fantovaren opera prima, Jone, batzuetan, Primeran plataforman iragarrita ere azaltzen da, trailer batekin, baina ez dute zehaztu noiz ikusi ahalko den EITBren doako zerbitzu horretan.

Irati Gorostidiren Aro berria filma abenduaren 12an estreinatu zuten zinema areto komertzialetan. Eta hilabete batzuk itxaron beharko da plataformetan ikusi ahal izateko. Movistar Plus da ekoizleetako bat, eta bertan ikusi ahalko dela ziurta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.